Amaia U. LASAGABASTER
LEHEN MAILA

Kanporaketak ditu zain Athleticek Ligan ere

Kopako ilusioa asteartean desagertu zen behin betiko, baina Athleticek badu oraindik jokatu beharreko kanporaketarik. Itxura hori dute behintzat zuri-gorrientzat Liga amaitzeko falta diren zortzi jardunaldiek, sailkapenak ez baitie akatserako tarterik eskaintzen. Argi dago gaur Real Madrilen etxean jokatuko duten partidaren kasuan (17.00, Athleticen Youtubeko kanala). Partida bakarreko kanporaketa da eta, gainera, txarrerako bakarrik, galduz gero karanbola pentsaezina beharko lukeelako Athleticek Europan jokatzeko txartela lortzeko, baina, irabaziko balu ere, borrokatzen jarraitzeko aukera litzatekeelako sari bakarra. Izan ere, madrildarrek puntu bat gutxiago soilik badute ere sailkapenean, atzeratutako hiru partida jokatu behar dituzte oraindik.

Zailtasunak zailtasun, «borrokatuko gara; ez daukagu beste aukerarik», aurreratu du Iraia Iturregik. «Liga hasieran ez zen gure helburua Txapeldunen Liga jokatzea, baina, behin posible izanda, zergatik ez gara ba sailkapenaren bila joango? Ez dugu ezer galtzeko». Epe ertaineko erronka zaila bada, gauza bera esan daiteke gaurko partidari buruz ere, baina entrenatzailearen diskurtsoa bera da. Azken lau hilabeteetan partida bakarra galdu duen Real Madril «faboritoa da, baina guk ere gure armak ditugu, Ligan erakutsi dugunez. Gure bertsiorik onena eman beharko dugu eta gero zelaian ikusiko da taldea prest dagoen edo ez erronka horretarako». Iturregiren ustez, «Ligako bigarren plantilla onena dute, baina taldeak bai Bartzelonaren kontra, bai Atleticoren kontra, bai Real Madrilen beraren kontra lehen itzulian nola lehiatu zuen kontuan hartuta, helburua posible dela uste dut».

Iturregik filialeko jokalari bakarra sartu du deialdian, Mariana Cerro. Etxean geratu dira Naroa, Istillart, Monente eta Unzue, lesionatuta.

Zorte txarra Realak Kopan

Bihar osatuko da 23. jardunaldia, Reala-Eibar eta Alaves-Bartzelona neurketekin. Eibartarren kontrako derbia ez da Realak aurretik duen plan erakargarri bakarra, bi aste barru Kopako final laurdenak jokatuko baititu. Zorte benetan txarra izan zuten donostiarrek atzo egindako zozketan, Zubietan bai baina Bartzelonaren kontra ariko baitira. Bi taldeek Kopan elkarren kontra jokatuko duten bosgarren aldia izango da. Orain arte, kataluniarrak beti nagusitu dira. Natalia Arroyok nahiago zuen beste edozein aurkari, «baina Bartzelona egokitu zaigu eta aukera gisa hartu eta gure onena emango dugu».