Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Diseinuzko ispilua betiko horman

Ireki erraza” irakur zitekeen, gazteleraz, eta ondoan kirtentxo gorri bat. Total, buruaren aginduz hortikxe tiraka hasi eta hamabost minutu pasata kafe-paketea sukalde elektrikoaren ondoko gainean zegoen, bai, hondatuta, txikituta, deboilatuta egon ere… kanpoaldeko plastikozko ontzia hamaika zatitan tarrat eginda; kirtentxo gorria zen bere hasierako lekuan zegoen bakarra. Eta gero barneko aluminio antzezko ontzia irekitzen saiatu behar… Bai, eguerdi aldean hartu nuen eguneko lehenengo kafea.

Ekintza horretan eman nuen denboran hamaika gauza etorri zitzaizkidan gomutara. Eta pentsa, euskaraz ez dugu hamaika baino gehiagorik! Ume garaian kafea bihitan erosten zuen amak, eta gero sukaldean nirea zen kafea ehotzeko lana. Gerora kafe ehoa etorriko zen, ontziratua, baita kapsulatua ere, eta ezusteko gerraren batengatik ez balitz ez ninduke harrituko mikrouhin-labean istantean berotzeko modukoan ere ikusteak dendako apalategian, labe barruko esku telegidatu batek azukre dosia dezimaleko zehaztasunez jaurti eta emeki eragiteko modukoa.

Erotu egin gara “progresoa” ulertzeko ihesbidean, erotu “garapena” ulertzeko moduan. Hiztegiaren esanetan “aurrerabide” dena “atzerabidea” da eginetan; hori ere ez, atzean, iraganean, holakorik inork ez baitu ikusi, atzerabide berria da oraingoa, aurrera egiterik ez duena. Amen! “Prosperitatea” esateko “oparotasun” diosku euskal hiztegiak, beronek ere trantsizioa behar duen seinale. Gure garapen zer hau ez da iraunkorra, sosteniblea, ez eta jasangarria ere, soportablea…

Ezusteko gerra batek jarri gaitu ispiluaren aurrean. Ez dugu gustukoa islatua, beraz, ispilua aldatzea proposatzen digute, diseinuzko bat jarri… Marx anaien lokomotorra gogoan, «egur gehiago!», egur gehiago makina geldi ez dadin. Portzierto, benetan ote da ezusteko gerrarik? Kafe bat hartzera noa, demonio!