Xole ARAMENDI ALKORTA
BILBO

Eulalia Abaituaren bizipen ezezagunak, eszenara gaur

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen. Bere lana geratu zaigu lekuko, bere biografiaz ezer askorik ez baitakigu. Bere diskrezioagatik eta emakumea zelako. Loraldiak omen egin nahi dio gaur Arriagako agertokira eramango den ikuskizunaren bidez.

Euskal Loraldia Kultur Elkarteak antzerki produkzio propio bat sortzen du urtero festibalean aurkezteko. Eulalia Abaituari (Bilbo, 1853-1943) omen egingo dio aurtengoak. Hitzordua, gaur.

Kamera eskuan han-hemen irudiak egiten aritua zela dakite bere ezaguera dutenek, baina askoz gehiagorik ez. Gaur egun ezagutzen diren datuek diotenez lehen ikasketak Bartzelonan egin zituen. 1872. urtean Juan Narciso Olano Pikabea Lesakakoa ontzigilearekin ezkondu zen, eta 1873. urtean Liverpoolera joan ziren Bigarren Karlistalditik ihesi. Gerora, Bilbora itzuli eta argazki laborategia osatu zuen bere etxean, Begoñako basilikatik gertu.

Abaituaren biografiak drama edo abentura handirik ez duenez, kontakizuna «argazkien eta musikaren bitartez» indartzen saiatu dira. “Mira hadi, Eulalia Abaitua andre begietan” lanak hiru osagai ditu. Ikus-entzunezkoen bidez Abaituaren argazkiak ezagutuko ditugu –Alphax–; teatro kontaketak haren bizitza eta memoria osatuko du –Ane Pikaza–; eta musikak istorioari soinu banda jarriko dio –Maite Larburu–. Loraldiaren enkarguz Patxo Telleriak sortu du dramaturgia eta Getari Etxegaraik zuzendu du.

«Bizitza erosoa»

«Familia dirudunekoa, bizitza erosoa izan zuen. Gauza batzuk ez daude oso garbi. Liverpool eta Londres artean egon zen bizitzen, eta esaten da Ingalaterratik ekarri zuela argazki kamera», Etxegarairen esanetan. Abaituak euskaldunoi utzitako ondarea da nabarmentzekoa. Bat dator Etxegarai. «Argazkiak ateratzeko grina horretan euskal kultura islatzea interesatzen zitzaion eta horrek altxor handia utzi digu. Baserriz baserri, herriz herri joaten zen, ezkontzak ateratzen, eta berarengatik ez balitz ez genuke informazio hori guztia edukiko; utzi zigun gauzarik preziatuena horixe da».

Argazki gehienetan Euskal Herriko jende, tradizio eta jaiei jarri zien fokua Abaituak. Senideak eta pertsona xume eta ia beti anonimoak izan ziren bere argazkietan protagonista. Abaituak begirada sentibera eta adeitsua erakusten du. Landa zein hiriko bizimodua erakutsi zituen eta bere garaiko emakumeak aukeratu zituen kameraren bestaldean jartzeko.

Ehunka irudi sotoan

Zergatik da oraindik ezezaguna? «Ez dakigu emakumea izan zelako hala berak ere nahi izan ez zuelako. Ez zuen argazkiak erakusteko beharrik sentitu. Etxeko sotoan geratu ziren gordeta eta familiak Euskal Museoari eman zizkion. Plakak familiak ditu gordeta eta museoak digitalizatu egin zituen, 4.000 inguru. Eta horrez gain, familiak gordeak dituenak ere badira; kopuru itzela da», adierazi du.

Etxegaraik sortu du eszenografia. «Bi eskailera handi ikus daitezke, gurpildunak. Bertan ere proiektatzen ditugu irudiak, argia, mugimenduak…», esan du.

Ane Pikazak egindako lana nabarmendu du. «Narratzaile lanetan arituko da, berak du testuaren pisua. Bi elkarrizketa txiki dituzte Maitek [Larburu] eta biek, baina hori salbu bakarrik dago agertokian», kontatu du.

Maite Larbururen ekarpena ere azpimarratu du. Hernaniarrak jarri dio bigarren geruza lanari zuzeneko musikaren bidez. «Patxok testuan proposatu zituen abesti motak eta letraren nondik norakoak. Musikak kontakizuna janzten du une batzuetan, bigarren planoan, eta erabateko protagonismoa du beste batzuetan. Maitek konposatutako bederatzi abesti entzungo dira, oso ederrak. Oso gustura aritu gara lanean, primeran moldatu gara», azaldu du.

Ikus-entzunezkoen ardura berriz, Alphax-ek hartu du. «Ez nuen ezagutzen; oso lan ederra egin du», dio. Abaituak eginiko argazkiak izan ditu oinarri.

Zuzendari laguntzaile lanetan Leire Orbe aktorea aritu da. Bakoitzak bere esparrua landuta eraman zuen etxetik. «Guztiok elkartu aurretik lan handia egin genuen. Kezka nuen denok elkartzean zer gertatuko zen, baina hasieratik ondo funtzionatu zuen. Testuarekin, musikarekin eta ikus-entzunezkoekin goxoki goxoa sortu dugu; omenaldi polita da», esan du Etxegaraik.