Fito Rodriguez
Idazlea
KOLABORAZIOA

Gerra historiaren ama omen dela diote

Baina ez nago seguru Nietzschek erabilitako esaera horrek zehazki gerrateari berari, edozein borrokari edota, oro har, gatazkari egiten ote dion erreferentzia.

Bistan da, halere, oraingo Errusiaren eta Ukrainaren arteko liskarretatik mundu berri bat datorrela. Orain baino lehenago ere antzerako egoeretatik ikusi ditugu mundu berriak jaiotzen, adibidez, Frantziako Iraultzaren eta Ilustrazioaren giro kulturalaren sehaska gerra izan zen, eta egun bizi dugun munduaren jaiotzan ere estatuen arteko liskarraldiak egon zirela ezin ukatu. Polemos hitzak, jatorri grekoa duena, «borroka eta gerra» esan nahi du, baina jakintzarako bidea ere izan daiteke eztabaida edo dialektika gisa ulertzen denean.

Esaterako, gerra baten eraginez «aurkitu» edo «isolatu» zen wolframa 1883an eta, horri buruz hausnartzeko, liburu bat kaleratu nuen 2004an (“Faustoren itzala”), orain berrargitaratu berri dena hain zuzen. Baina testu haren jatorria bi ikerlari solaskideren artean edukitako polemika izan zen. Eztabaida batek eragin zuen idazki horren jatorrizko iturburua eta sakonezko motibazioa. Izan ere, bertan azaltzen diren zenbait datu nahiz oinarrizko diskurtso akademiko 1983ko uztaileen Kubako La Habanan eratutako “I. Congreso Latinoamericano de Historia de las Ciencias” delakoan aurkeztu nituen. Neronek egindako ikerketa hura, bada, Mexikoko Puebla Unibertsitateko “Elementos” aldizkariak argitaratu zuen bere 6. zenbakian (1986ko urtarrilean, 31/43 orrialdeak) Oinarrizko erreferentzia guztiak, beraz, ederki aztertu eta frogaturik dauzkazue.

Laburbilduz, honako hau kontatzen da: zientzia ikerketaren ondorio huts gisa aurkeztutako wolframaren aurkikuntza ezin da soilik zientziaren bidez ulertu. Kontrakoa ematen badu ere, aipatutako ekintzaren atzean militar-espioitza hartu beharra dago kontuan ezinbestean wolframaren isolamendu kimikoa nola gauzatu zen ulertarazteko eta Elhuyar anaien lanaz aritzeko. Horixe frogatzen saiatu nintzen, testuingurua bere orokortasunean kontuan hartu gabe nekez aritu daitekeela «aurkikuntza zientifikoez», ezin dela zientzia hutsaz edota zientziei buruzko ikerketez soilez aritu. Hamar urte pasa eta gero, ostera, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean Joserra Etxebarria adiskidearekin batera itxialdian parte hartzea egokitu zitzaidan «espainiar funtzionario izan gabe unibertsitate irakaslea izan ahal izateko borrokan» (bide batez, esan dezadan biok hartu dugula erretreta EHUn funtzionario izan gabe...). Gauaren hastapenean, gure artean ia beti gertatu ohi zenez, polemika piztu zen berriro ere. Joserraren ustez «letretakook» ezin genuen zientziaz behar bezala aritu. Neronek, horretaz aritzea zilegizkoa zitzaigula defendatzeaz gain, «letrek» ematen duten ikuspegi historiko-teorikoa funtsezkoa zela aldarrikatzen nuen. Polemika gehienetan bezala, bakoitzak bereari ekin zion etengabe, loak hartzeko garaia etorri arte. Gau hartan hasi nintzen idazten “Faustoren itzala”-ren oinarrizko testua. Hautatu nuen egitura epistolarra edo dialektikoa edota polemikoa Goetheren Faustori zegokiona izan zen.

Ene uste apalean zientzia eta letren artean omen dauden muga susmagarriak testu honen bidez bederen gero eta murritzagoak geratuko direlakoan nago.