ELAk prekaritatea iraultzeko egitasmoa abian jarri du
ELA sindikatuak atzo salatu zuenez, Hego Euskal Herrian 541.600 langile bizi dira prekaritate egoeran. Hori ikusita, egoera aldatzeko kanpaina jarri du martxan. Horren barruan, neurriak eskatu dizkie sindikatuak patronalari eta erakundeei. Egoera salatzeko, gainera, apirilaren 6an ekitaldia eta manifestazioa egingo ditu Bilbon sindikatuak.

ELA sindikatuak atzo jakinarazi zuenez 541.600 langile bizi dira prekaritate egoeran Hego Euskal Herrian, eta, hori aldatzeko, egitasmo bat sortu du. Lantokiei eta erakundeei hartu beharreko neurriak exijitu dizkie ELAk, tartean, 1.381 euroko gutxieneko soldata ezartzea.
ELA sindikatuak zehaztu zuenez, 541.600 langile horietatik 311.000 emakumezkoak dira. Gainera, soldatapeko lau langiletik batek behin-behineko kontratua du, eta ia bosten batek lanaldi partziala. Gazteen kasuan berriz, langabezia tasa %35ekoa da. Bestalde, azken hamarkadan «17.000 pertsona lan istripuetan edo lanari lotutako gaixotasunen erruz» hil direla azpimarratu zuten Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.
Hego Euskal Herrian langile ugarik bizi duten egoera larria salatzeko, apirilaren 6an ekitaldia eta manifestazioa egingo ditu Bilbon ELAk, “Lan prekario gehiagorik ez!” lelopean.
Langileen egoeran aldaketa bat lortzeko negoziazioa eta akordioak aldarrikatu eta bost neurri exijitu zizkien sindikatuak patronalari eta erakundeei. Lehenik eta behin, gutxieneko soldata 1.381 eurora igotzea.
Bigarrenez, asteko 20 orduko gutxieneko kontratua ezartzea eta lanaldi partzialak behin betiko osatzeko betebeharra ezartzea exijitu zuten Muñoak eta Lakuntzak. Sindikatuaren ustez, «lanaldi partzialek dakarten pobretzea eragozteko beharrezkoa» da neurri hori.
Bestalde, azpikontratatutako langileek subrogazio eskubidea bermatuta izatea eta, hortaz, azpikontrata aldatzen denean enpresa berrian lan egiteko eskubidea ziurtatuta izatea eskatu zuen ELAk.
Iruzurrezko behin-behineko kontratuak dituzten langileen kaleratzeak indargabetzea eta kontratuok kontsolidatzea dira laugarren eta bosgarren eskaerak. Azkenik, Europarekin parekatzeko, Euskal Herriko ikuskari kopurua bikoiztea beharrezkotzat jo zuten sindikatutik.
KPIaren araberako igoerak
Asteartean Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak soldatak kontsumo prezioen indizearen igoeraren arabera igotzeko ez eskatzeko galdegin zien sindikatuei. Bide batez, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak enpresen etorkizunean izango duen eragina azpimarratu zuen.
Horri erantzunda, Lakuntzak «errealitate interesatua eraikitzeko gerraren erabilerarik ez egitea» eskatu zion Zubiaurreri, eta «beldurraren diskurtsoa alboratzea» exijitu zion. Halaber, patronalari negoziatzeko duen posizio «itxia» alboratzea eskatu zion. «Eskatzen diguna, hain zuzen, egingo dugunaren kontrakoa da. Sindikatuoi geratzen zaiguna antolatzea da», aldarrikatu zuen ELAko idazkari nagusiak, greben garrantzia azpimarratuz. Bide batez, duela gutxiko lan erreformak prekaritatearekin lotutako arazoak konpondu ez dituela salatu zuen.

«Ez nuen mina zukutu nahi,ez delako nirea bakarrik»

384.390 pacientes han pedido ser atendidos en euskara a Osakidetza
El PNV, la FIFA y la política de la marcha atrás

El TC reprocha al TSJPV que puede darle la razón a Vox sin acudir a él
