Eskerrak hautsi zen
Eskerrak hautsi zen anphora. Eskerrak ez zen aluminiozkoa edo PVCkoa. Eskerrak ez zegoen laino digitalpeko errealitate paraleloren batean, polimero adimentsuren baten apeten esklabo. Ez, 1982a zen, eta orduan anphorak oraindik buztinezkoak ziren. Horregatik krak egin zuen erortzean. Ez zen oso zartako nabarmena izan. Ez zuten Txinako harresipean edo Niloko ibaiertzean erorketa sumatu. Ez zuen inongo lurrikararik eragin. Hautsi zen eta kito. Horri esker, ez zuten, zorionez, inongo esklaborik erorketaren erruduntzat jo. Beraz, borreroak orduko hartan ez zituen ordu estrak sartu behar izan.
Eskerrak hautsi zen anphora. Barruan zeukana ez baitzen ekialde urrunen batetik etorritako oihal finik, atsedenerako ametsezko herrialde berde, garbi eta perfekturik, edo soilik printze baten gorterako egokia zatekeen lurrin konplexurik. Ez, anphorak haustean hau utzi zuen: behin eta berriro garbitu arren estolda usainari eusten dion kale baten egoskorkeria, antiheroien ibileretarako egokiak diren bazter zaharkituak, porlana, amets industrialaren hondar-paisaiak, eta ilunabarrean dir-dir egiten hasten diren argi apalak. Eskerrak ez zuen lana oso ongi egin anphoraren arrastoak jasotzea agindu zioten kale-garbitzaile bihozberak. Horri esker, 40 urte dihardut anphora hautsi zen eguna ospatzen; diskoa entzuten dudan bakoitzean, zehazki.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«No es conflictividad, es conciencia de clase, trabajar y vivir en Aiaraldea»

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»
