GARA
BILBO

«Arnasa» lan efimeroa bideo instalazio bihurtu du Maider Lopezek

Maider Lopezek bideo instalazio bihurtu du 2020an sortutako artelan efimeroa, «Arnasa». Izurriak eragindako murrizketen gainetik Arte Ederren Museoak bizirik jarraitzen zuela sinbolizatzen zuen artelanak.

Bilboko Arte Ederren Museoaren Obra Gonbidatua programak, 66. edizioan, «aurrekaririk gabeko hitzordu artistiko bat» proposatu du, bertako arduradunen esanetan. Izan ere, 2020an museoaren eskariz sortutako “Arnasa” lanaren berrirakurketa bat egin du Maider Lopezek.

Obra aktibo egon zen 2020ko ekainaren 4tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan. Ibiltariek museoaren beraren “arnasketa” euren begiz ikusi ahal izan zuten eraikinaren kanpoaldetik. Eraikinaren barruko argia pixkanaka pizten eta itzaltzen zen, arnasketaren erritmo lasai eta etengabean. Argitasuna leihoetatik eta beirateetatik ateratzen zen eraikinetik, museoa zabalduz, barrualdea eta kanpoaldea lotuz. Argiaren intentsitatearen aldaketa kaletik ikusten zen eta museoaren barrualdeak argia nola askatzen zuen ikus zezakeen oinezkoak, arnasa hartzen ari zen sentsazioa emanez.

Piztu, itzali

Aldi berean, Maider Lopez artista bideo instalaziorako materiala grabatzen aritu zen. Orain publikoaren aurrean ikusgai jarri duena. «Argi instalazioaren izaera iragankorraren aurrean, hiru bideo kanal sinkronizatu eta giro soinua duen bideo instalazio honek (16 min eta 26 segundoko iraupena du), loopean, hiru horma hartzen ditu», azaldu zuten atzoko aurkezpenean.

Museoaren aretoak pizten eta itzaltzen erakusten ditu, modu jarraituan, eta, era berean, artelanak eta elementu arkitektonikoak ere agertu eta desagertu egiten dira ikuslearen aurrean, arnasketaren erritmo motel eta konstantean.

«Zokalo bat, adreiluzko horma bat eta koadro bateko pertsonaia poliki-poliki galtzen dira iluntasunean, eta, etenaldi baten ondoren, berriz agertzen dira pixkakana argiarekin. Planoak xehetasunetik orokortasunera irekitzen dira aretoak erakutsi arte, eta museoaren barrutik kanpora ateratzen dira», adierazi zuten.

«Bizi sentsazio indartsu bat, museoa itxita egonda ere, lagungarria da; lorategi batekin ere berdin gertatzen da, bertara sartzerik ez izan arren, edo zuzenean ikusterik edo gozatzerik ez izan arren, bertako zuhaitzek eta landareek elkarrekiko bizitzari laguntzen diote airearen, bisitatzen duten erleen eta abarren bidez», gaineratu zuten.