Bere iraganarekin estropezu egin du lehendakarigaiak
Lehendakarigai izateko aukera handiak dituen gizonaren istorioa da hau. «Solteroen dantzalekuak» (Elkar) nobelaren protagonistak, ordea, arazo bat dauka bere iraganeko gertakizun batekin, eta hobe hura moldatzea. Historia, fikzioa eta autobiografia uztartu ditu Joxean Agirrek bere lan berrian, non baserriaz eta maiorazkoaz ere hausnartzen duen.

Lehendakarigai izateko curriculum «nahikoa garbia» ez duela-eta, hura «egokitzeko» egonaldi bat egingo du Hondarribiko Buenavista hotelean gure protagonistak. Iragana beti itzultzen da, berriro ikusi nahi ez dugun mamuaren antzera. Gu bisitatzen tematzen da mamu madarikatua eta zaila izaten da, asko makillatu arren, iskin egitea.
Karrera politiko baterako bidea atontzen; horretan jarri du Joxean Agirrek bere pertsonaia berria; alegia, bere bizipenak estaltzen, manipulatzen. Atzo aurkeztu zuen, Elkar argitaletxearen eskutik, “Solteroen dantzalekuak”, iraganaren eta orainaren artean saltoka dabilen eleberria, tarteka autobiografia dena, tarteka fikzioa eta tarteka historia dena nahastuz.
Lan berria idazteko inspirazioa Regine Robin idazle eta historialari frantsesaren obra batetik heldu zitzaion Agirreri. «Memoriaren gaietan aditua», Ekialdeko Alemanian kokatzen duen nobela batean «kontatzen du Berlingo harresia erori zenean Stasi-ko agenteak lanik gabe gelditu eta ikastaroak egin zituztela teknikarien laguntzarekin. Identitate eta biografia berri bat eman zitzaion agente bakoitzari, eta Alemanian barreiatuak izan ziren», kontatu zuen azpeitiarrak.
«Hortxe» otu zitzaion “Solteroen dantzalekuak”-en abiapuntua. «Badirudi ezetz, baina denok aldatzen dugu. Gure bizitzaren kontakizuna egiten hasten garen bakoitzean dugu joera pasarte ilunak estali eta ederrak edertzeko. Hori, hain humanoa dena, ia-ia fenomeno soziologiko bihurtzen da batez ere erregimenak edo diktadurak erortzen direnean; orduan mundu guztia hasten da bere biografia aldatzen eta egokitzen».
Nobela dibertigarria dela esan zuen Xabier Mendiguren editoreak, eta azpimarratu, gai serioak umorez planteatzeko egileak erakutsi duen trebezia.
Iragana makillatu
Bi garaitan aritu da dantzan Agirre: 1975. urtean eta aktualitatean.
Lehendakarigai izendatu nahi duten gizonezko bat da protagonista. Ez du izenik, eta narratzaileak handik hona garamatza. Boterera iristeko kiniela guztiak ditu alde, eta jendeak maite du; hitzaldiak jendez betetzen zaizkio, baina badu arazo bat: bere iragana. Frankismoari kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta, atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka-gogoak joan eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen arte. «Orban bat du, gaztetakoa. 75eko salbuespen egoeran atxilotuta bi egun eman zituen eta Zuberoan egonaldi bat egin zuela da kontua».
Bere kabineteak garai hura desegin eta beste bertsio bat jarri nahi dio lehendakarigaiaren biografiari. Eta lortzen dute biografia berri bat, muga pasatu eta Zuberoako egonaldia justifikatzen duena, baina ondoren etorriko dira arazoak, emazte ohiaren deklarazioak…
Nobela bada historikoa, benetako gertakariak direlako salbuespen egoeraz kontatzen direnak. Eta bada autobiografikoa puntu batean, haurtzaroari buruzko bi kapituluak Agirrerenak direlako. Bata aitonak egin zuen baserri aldaketari buruzkoa da, eta bestea «gure umetako eskolako pedagogia sistemari buruzkoa». Biak, «oso modu hiperliterarioan kontatuak».
Iragana makillatu
Soziologian irakasle izandako protagonistak gaztetan baserritarrei buruz egindako ikerketa bat baliatzen du Agirrek landa eremuaz, maiorazkoaz, eta ezkongabetasunaz hausnarketa egiteko. Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen, baserritarrak joan ohi diren diskoteketan ze ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Hor agertuko dira dantzalekuak, bikoteak sortzeko manerak eta usadioak. Bere burua baserritar gisa aldarrikatu zuen Azpeitiko egileak, eta esan zuen egin duen ikerketak baduela oinarri errealik. Pasadizoak, berriz, oroitzapenetan oinarritu ditu.
Iraganaren eta orainaren bi hari nagusiei, beraz, hirugarren hari bat gehitzen zaie, ezkongabetasunari eta landa eremuari eskainitakoa. «Nobelan hasi eta bukatu arte badago solterotasunaren aldeko diskurtsoa, kontraesanez betea, merkea, eta aldi berean niri ere bitxia egiten zaidana. Nire buruari entzun diot esaten hamar aldiz ezkonduta ere soltero izatea zein ederra den… Ni, soltero?! Bizitza osoa eman dudala emakume baten alboan…», bota zuen, barrez.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
