Murgiltze ereduaren defentsan, Matignonen eta EEPren egoitzan
Seaskako presidente Peio Jorajuria Hizkuntzen Kontseilua eratzeko Matignonen deituriko bilkuran zen bitartean, Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten dozenaka ikasle eta irakaslek, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan sartuz. Baxoa eta brebeta hizkuntza minorizatuetan egiteko eskubideaz gain, hizkuntzen koofizialtasuneranzko urratsak eta murgiltze eredua garatzeko ahal gehiago galdegin zituen Jorajuriak.
Seaskak, murgiltze ereduaren garapena bermatzeko helburuz, bi hitzordu garrantzitsu izan zituen atzo. Alde batetik, dozenaka ikasle eta irakasle Euskararen Erakunde Publikoak (EP) Lapurdiko hiriburuan duen egoitzan sartu ziren, protestaka, azterketak euskaraz egiteko eskubidea ozenki aldarrikatzeko.
Arratsaldean, berriz, ikastolen federazioko lehendakari Peio Jorajuria Pariseko Matignongo jauregian izan zen Jean Castex frantses lehen ministroak gonbidaturik.
Gobernuaren egoitzan, frantses Estatuko Hizkuntzen Kontseilua eratzeko bilkura egin zuten. Bertan, Seaska, La Bressola, Diwan, Calandreta, ABCM eta Scola Corsa biltzen dituen Eskolim erakundearen izenean jardun zuen Jorajuriak.
Seaskak jakitera eman zuenez, murgiltze eredua garatzeko ahal gehiago galdegin zituen, hizkuntzen koofizialtasuneranzko urratsak, eta aurtendanik baxo eta brebeta azterketak hizkuntza minorizatuetan egiteko eskubidea.
Aldi berean, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bere biltzar nagusia 14.00etan deitua zuenez, bertan sartu ziren Seaskako irakasle eta ikasleak.
Ekintza azkar horrekin salatu zuten Bordeleko Akademiako errektore Anne Bisagni-Faurek ez duela bete nahi kargu horretan bere aurretik zegoen ordezkariak Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Seaskarekin izenpetu zuen hitzarmena.
EEPren egoitzan sartuz Seaskako Bernat Etxepare lizeoko eta bertze hainbat kolegiotako ordezkariek Bisagni-Faure baxoko Ahozko Handia probaren parte bat euskaraz egitearen kontra dela salatu zuten.
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»

Trump pretende sumirnos en las tinieblas: sentir en la isla

La lista Epstein salpica a Trump y a otros poderosos del mundo
