Ion SALGADO
GASTEIZ
22. KORRIKAREN BIGARREN EGUNA

Gasteiztarren oihua: «Elurpean ere euskararen alde!»

Debagoiena zeharkatu eta 17.15ean heldu zen Korrika Gasteizera; hobeto esanda, Siberia-Gasteizera. Izan ere, atzoko eguna hotza izan zen Arabako hiriburuan. Eguraldi kaskarra, ordea, ez zen arazo izan euskararen alde korrika egin zuten milaka lagunentzat. «Elurpean ere euskararen alde!», oihukatu zuten lau orduko ibilbide luzean.

Debagoiena zeharkatu ondoren, atzo arratsaldean Gasteiza heldu zen Korrika. Betoñotik sartu zen hirian, Legutio eta Arratzua-Ubarrunditik igaro ostean.

Hotzari aurre egin eta euskararen alde korrika egin zuen lagun andanak. Eguerdiko eguzkia Eskoriatzan utzi eta elurra zapaldu zuten Leintz Gatzagan.

Aramaioko Orixol mendi taldekoek hartu zuten lekukoa Gatzaga gaina igarota. Bertatik Landara joan ziren, eta handik Urrunagako urtegira. Otxandiotik heldutako korrikalariak batu ziren Arabako iparraldean, tartean, Aitziber Balantzategi AEK-ko artezkaritzako kidea.

Elurra mara-mara ari zuen zenbait unetan, baina merezi izan zuen paisaia zurituta ikustea, eta Legutioko bizilagunen harrerak berotu zuen giroa. Ehunka lagunek korrika egin zuten lekukoaren atzetik.

Irudi bera errepikatu zen Urbinan, Lukun, Mendibilen eta Duranan, Gasteizekin muga partekatzen duen herrian.

Eskalmendin Oreka IT eta Michelineko langileek hartu zuten lekukoa. Hor ekin zion Korrikak Gasteizen osatu beharreko ibilbide luzeari.

Hasiera horretan izan ziren Lasterbideako ordezkariak ere; pankarta handi bat zabaldu zuten, lasterketa solidarioa maiatzaren 28an Kanpezun izango dela gogorarazteko.

Milaka lagun

Korrika Zaramagan sartu eta jendetza batu zen; bereziki Koldo Mitxelena ikastetxera iritsi zenean.

Araba Bizirik eta Sahara Elkarteko kideek ere hartu zuten lekukoa Zaramagan, eta Paraguai kalean Aker Baskoniako maskotaren txanda izan zen. Honek pasatu zien testigua Orbain elkarteko ordezkariei.

Hainbat ikastetxetako ikasleek eraman zuten egurrezko ikurra Txagorritxuko kaleetan barna, eta Euskal Herria bulebarrean Arabako Batzar Nagusietako batzarkideen txanda izan zen.

Elurra mara-mara

18.00ak pasatxoan elurra itzuli zen, baina eguraldi kaskarrari aurre egin zioten Gasteizko kaleak hartu zituzten milaka lagunek, «elurpean ere euskaraz!» oihukatuz.

Lakuan, Aefat elkarteko kideek eraman zuten lekukoa, baita euskal presoen lagunek ere. Eta ondoren, Gasteizko mugimendu feminista jarri zen pankartaren aurrean, bandera moreak eskuan. Feministen ondoren, Lumagorri elkarteko kideei iritsi zitzaien txanda, Trans Kilometroan.

Zabalganan Mercedeseko langileak batu ziren Korrikara. Auzoko ikastetxeetako ikasleek eta hezkuntza publikoaren aldeko plataformako kideek ere hartu zuten testigua.

Ariznabarran, berriz, Iraultza 1921 eta Indar Baskonia aritu ziren lasterka. Lekukoa Galder Barbado eta Ibai Zelaia gazte errepresaliatuek hartu zuten.

Gasteizko hegoaldea zeharkatu zuen Korrikak, eta Errekaleor auzo askera iritsi zen. Bertan hartu zuten testigua Lehertu Gasteiz mugimenduko kideek.

Arana auzoan Gorka Ortiz de Urbina hemeretzi aldiz Zeledon izan den blusak gidatu zuen AEK-k bultzatzen duen lasterketa, eta Zabalgunean, hainbat erakundetako ordezkariek; horien artean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak.

Alde Zaharreko kaleetan ere ibili zen Korrika, Lautadako herrietara abiatu aurretik. Gaur Iruñean izango da.