Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Zalantzak

Bidegabekerien aurrean, tentuz ibili behar dugu “jazartzaile eta biktima” kategoria absolutuetatik harago doazen analisi kritikoak egiteko orduan. Egoeraren konplexutasunari heltzen dioten azterketek arbuioa eragin dezakete, “ongiaren aldeko” kausari kalte egin diezaioketela ulertzen baldin bada. Esaterako, Ukrainaren burujabetasunaren alde eta errusiar Gobernuaren indar gehiegikeriaren kontra borrokan ari diren horien interesak hamaika direla esateak mesfidantza piztu dezake. Halako oharraren aurrean, batek baino gehiagok galdetuko luke: «Zer ari zara esaten, ukrainarrek ez dutela beren lurraldea defendatzeko eskubiderik?”. Europar Batasunak eta Ipar Amerikako herrialdeek gatazkari begira, batik bat errefuxiatuen gaiaren inguruan, agerturiko jarrera zalantzan jartzeak hainbaten haserrea eragin dezake. «Zer ari zara esaten, ukrainarrek ez dutela babesik merezi?», botako dizute, kasurik onenean. Gertaerak zuri-beltzean ikusi beharrean ñabardurekin antzemateagatik bihozgabea zarela esango dizute, edota erlatibista ziniko bat bihurtu zarela. Baina posible da (eta hala izan beharko luke, zinez pentsamendu kritikorako gaitasuna baldin badugu) bidegabekeria salatu eta aldi berean alderdi grisak antzematea. Esaterako, kezkatu beharko gintuzke nola eta zein helbururekin ari den ustiatzen muturreko eskuma ukrainar nortasuna babestu beharra. Era berean, suminduta egon beharko genuke gobernuek errefuxiatuak ikuspuntu arrazista eta xenofoboen arabera kategorizatzeko duten moduarekin.