Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Oinak erregai errepidean

Zeinek dauka gogoan pandemia? ZIUetako giroa bizitzen ari direnez aparte esan gura dut. Ia esan liteke kaletar askoren gaurko zerrendako lehenengo postuetan sikiera ez dela. Izan ere, gaurko olatuak bestelakoak dira. Hortaz, herenegun auto olatu bat ikusi nuen errepide bazterrean; “istripua!” pentsatu nuen, “luizia!, kontrola!, itzulia!”. Bai zera, lerdo halakoa! Gasolindegia zen, zentimotako beherapenak egun horretan hasten baitziren. Tira, kaletar esatea ere “autotar” esan beharko litzatekeena!

Euskarazko hiztegiak badu zertan eguneratu, bai horixe! Ez du, bada, “beribil” hartu autoa esateko! Bai zera, beribil! Inoizko argien geratu da auto esaten den hori berez ez dabilela, lau gotzain joanda ere, eta erregaia behar duela loreak udan ihintza bezala! Hortaz, beribil? Erregaia ala hil! Trantsizioaren hasierak itxaron beharko du, hau ere ez ei da unea. Bada bai, auto ilararen aurrean gasolindegia, eta kolpea gero! Hornigailuaren ondoan kutxazain automatikoa! Eta karteltxo bat: “laster errublotan”. Amen!

Harira Murgoitio, demontre, harira! Bada hori, Europa-Asia mugan militarrak kaki-kaka eta hemengo errepideetan euskaltzaleak tipi-tapa. Bestelako olatua hau ere, baina errepidearen erdikoa, bazterrak HitzEkin nahi ez dutenentzat utzita. Nor bere lekuan. Total, errepidean oinak erregai, hots, hots, bizion oinok! Gau eta egun! Eguzki zein euri! Bero eta hotz! Oinok bai beribil!

Bada bai, dena doa gora, prezioan, kontrolik gabe. Baina izan gaitezen ezkor aktibo, presioan behintzat behera dator atmosfera; eta ondorioz elurrak kostaldeko tontor lotsatiak ere zuritu ditu udaberriko normaltasun berrian. Harrapa ezak/n! Irak/n! Batzuk bide erditik korrika, beste batzuk administrazio-kontseiluetan kurrinka. Eta batzuk sahararrez gogoratzen dira hango hauts gorriak autoa gorritzen dienean…