ZEID FEST GERATZEKO ETORRI DA
GOIZEAN GOIZETIK MILAKA LAGUN HURBILDU ZIREN ATZO BARAKALDOKO BIZKAIA ARENARA. LEHEN UNETIK FESTA GIROA NABARMENA IZAN BAZEN ERE, GATIBUREN KONTZERTUAN LEHERTU ZEN ERABAT NAIZ GUNEA ETA HORTIK AURRERA SEKULAKO FESTA IZAN ZEN NAGUSI JAIALDIAK IRAUN ZUEN BITARTEAN.

Arrakastatsua izan zen ZEID Fest jaialdiaren lehen edizioa. Goizeko hamaiketan ateak ireki zituzten eta eguerdiarekin hasi zen festa, puntual, Ene Kantaken emanaldiarekin, txikienen gozamenerako. Nahiz eta bidean topatu genituen umetxo batzuek argi zuten zer nahi zuten ikusi: «Amama galiziarra da eta Tanxugueiras ikustera gatoz».
Aurretik, ordea, bazen zertaz gozatua. En Tol Sarmiento taldearekin jende andana elkartu zen NAIZ oholtzaren inguruan. Dena eman zuten Iñigo Etxezarreta eta konpainiak eta publikoak bikain erantzun zuen.
Bitartean, La Salveko oholtzan Marenen emanaldia prestatzen ari ziren. «Katastrofista samarra naiz eta uste nuen jende askorik ez zela hurbilduko, baina azkenean batu gara dezente eta pozik nago». Eta alaitasun hori transmititu zuen kontzertuak iraun zuen denboran “Estación espacial de Teruel” kantuaren doinuekin agurtu zuen oholtza.
Ptazeta ordurako hasia zen NAIZ oholtzan eta larunbat gaua etorri zen. Pello Reparazek esan zigun: «ordu batak inguruan etorriko da gaua BECera». Bada, pare-parean jo zuen. Jendea dantzan, gogotsu, eta Ptazeta bera bakarrik oholtza betetzen. A zer-nolako emakume puska! «Etxean bezala sentiarazten nauzue, benetan, eskerrik asko Bilbo», oihukatu zuen.
Anne Lukin segidan. «Bazkalordua den arren elkartu gara hemen eta zeinen polita den hau horrela ikustea», esan zuen. Behetik gora etorri zen kontzertuan eta momentu ederrak eskaini zituen. Amaieran, «hau badakizue, e?» esanaz abestu zuen “Lisboa”. «Gora Gorka!» ere oihukatu zuen, Gorka Urbizuri erreferentzia eginaz, kantua harekin sortu baitzuen.
Tanxugueirasen txanda izan zen atzetik. Dub, fusio flamenkoa... dena ez zen folk gaurkotua izan. Jendea bero egon zen galiziarrekin eta dantza egin zuen. “Figa” kantuarekin lehertu zen BEC eta “Terra”-rekin ginga jarri zioten emanaldiari.
Arratsalde giroan
Maruri-Jatabetik BECera ez daude kilometro asko. Bertatik iritsi zen Sua taldea eta sekulako giroa jarri zuen La Salveko espazioan. Espazio txikia, baina jendez mukuru jarri zena, dantzan eta saltoka denak. “Zapatua gaua” abestiarekin berriz ere gauera eraman zuten publikoa. Yina eta Yanga ziren bi oholtzak, NAIZ oholtzan gaua eta La Salvekoan eguna. Baina giroa erabat festakoa zen bietan.
Maria Arnal & Marcel Bagesen zaleek luxuzko momentua bizi izan zuten saioaren hasieran. Espazio ontzi bateko makina gela balira bezala agertu ziren oholtzara, eta erdian Maria Arnal, zuri eta eder jantzita. Erdi a capella abesten hasi eta giro magikoa sortu zuen NAIZ oholtzan. Momentu soniko asko eta ederrak izan ziren Kataluniako proiektukoen emanaldian.
Atzetik etorri zen Gatibu taldearekin lehertu zen, ordea, erabat festa. «Ongi etorri anormalitatera», esan zuen Alex Sarduik, egoera berriari eta bizi izan dugun egoerari erreferentzia eginaz. Ez zuen hutsik egin talde gernikarrak eta ereserkiz ereserki bete zuen kontzertua, giroa oso goian utziz. Tartean izan ziren Lildami, Motxila 21 eta Ezpalak, denetan ere publikoa pozik eta gozatuz. Hori baitzen egin behar zena. Gozatu eta kito.
Kronika hau idazterakoan Iseo & Dodosounden kontzertua izana zen azkena. Compay Segundoren “Chan-Chan” edota ‘Arigato’ bezalako abestiekin dantza giroa itzela izan zen. Hamar mila lagun, elkar hartuta, nafarrekin gozatzen. Hortik aurrerako, jakina zen zer izango zen. ZETAk eta ZOO, jendea gehien itxaroten ari zirenetako bi. Zeinen Ederra Izango Den Festibala, ederra izan dena, geratzeko dator.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
