Martxelo DIAZ
EUSKARA IKASLEEN TESTIGANTZAK

ERRIBERAN ERE HITZ EGINEZ IKASTEN DA EUSKARA

Euskara hitz egiten ikasten dela diote. Horregatik, euskara ikasten ari direnak maiz elkartzen dira ikasitakoa praktikara eramateko. Horrela gertatzen da Tuteran ere, Erriberan. Mintzakide programan aritzen diren lau lagunekin elkartu da GARA.

E uskaraz ikasteko ahalik eta gehien hitz egitea komeni dela diote. Batzuetan, ordea, egitea esatea baino zailagoa izan ohi da. Lotsa kontua izan daiteke. Besteen aurrean aritzeko euskara maila nahikorik lortu ez den ustea ere oztopo bilaka daiteke. Bestelako faktoreak ere badaude. Toki batzuetan kalera ateratzea nahikoa izan ohi da euskara entzuteko eta hitz egiten hasteko animoak biltzeko. Beste batzuetan, berriz, askoz zailagoa da euskaraz aritzen den jendea topatzea euskaraz aritu ahal izateko.

Tuterako alkate Alejandro Toqueroren arabera, Erriberako hirian ez da euskal hiztunik. Hori esan zion behintzat alkateak Madrilgo komunikabide bati. Horretan ere egiatik urrun ibili zen Toquero jauna. Izan ere, Tuteran badaude euskaraz aritzen diren herritarrak. Horietako batzuekin elkartu da GARA. AEK-k antolatzen dituen Mintzakide ekimeneko partaideengana jo dugu eta saio batera sartu gara. Herrerias kaleko Letras a la Taza kafetegi liburu dendan elkartzen dira astero mintzakideak elkarrekin euskaraz aritzeko. Jose Mari, Silvia, Aitor eta Esti dira gure anfitrioiak. Kafetxoa edo garagardoa hartu eta mahai baten inguruan elkartzen dira. Argazkilaria eta biok gertutik ahalik eta trabarik gutxien egiten saiatu gara.

Lau kideetatik hiru irakasleak dira, laugarrena baratzean aritzen den jubilatua. Gaurkoan, aurki Nafarroako Gobernuak egingo dituen hezkuntza arloko oposizioak bihurtu dira mintzaldiaren gai, taldeko kide bati epaimahaiko kide izatea tokatu baitzaio. Beste bati, berriz, azterketa egitea. Kontatu dutenez, oposizioko azterketa egitea ez da lan makala. Epaimahaikide izatea ere ez da erraza. Hainbat astez Tutera utzi eta Iruñera joan behar izango du gure lagunak hori dela eta. Iruñean gelditzeko pisu edo logela baten bila aritu da, baina garestiak dira. Gasolinaren prezioak ere –nola ez– hartu du bere lekua mintzaldian. Azken prezio gorakadekin are eta garestiago da Tuteratik Iruñera bidaiatzea. Eta egunean joan-etorria egitea astuna da oso. Laneguna hasi eta amaitzeko modu pisutsua bilakatzen da. Erabaki gogorra. «Zerbait gauza Tuteratik egitea komentatu diegu, baina ezetz esan digute». “Iruñezentrismoaren” kontrako kexak azaldu dira.

Tabernetako ohiko solasaldi askotan bezala, futbola ere bada mintzapraktika taldeetan irten ohi den gaietako bat. Batzuek Realeko zaleak direla azaldu dute, eta beste batzuek Athleticen alde egiten dutela onartu dute. Eta badira ere Osasunaren zaleak, noski. Anoetara bidaia bat egin zutela gogoratu du Realeko zaleetako batek, aurretik sagardotegi batean bapo bazkalduta!

Koronabirusak eragindako pandemia dela eta aspaldi ez direla sagardotegi batera joan komentatu dute mintzakideek, eta berriro itzultzeko gogotsu daudela nabarmendu dute. Onartu dutenez, garagardo bat hartzen dutenean euskara errazago ateratzen zaie. Halere, neurriz hartu behar dela azpimarratzen dute...

Euskal Herrian zehar barreiatutako mendietara ateratzea ere euskaraz aritzeko aukera aparta izan ohi da. Horrelako txangoak antolatzen ditu AEK-k. Aurrekoan Bardean izan zirela gogoratu dute. Hurrengora txangorako prestaketak ere hasi dituzte. Fiteroko Roscas eremua izango da seguruenik hautatutako helmuga.

Taldeak Tuteran eta Erriberan

AEK-ko kide Aristoteles Fuentesek azaldu duenez, gisa honetako sei talde daude Tuteran eta bana Alesbes, Cascante eta Murchanten. Mintzapraktikak berebiziko garrantzia du ikasitako euskara mantentzeko, batik bat euskaraz bizitzea zaila den eskualde batean. «Inguru euskaldunak izan badira, baina hori ez da ikasle eta euskaldun askoren errealitatea. Zaila da ogia erostera joatea eta euskaraz egin ahal izatea. Euskara aritzeko guneak bilatu behar dira», azaldu du Fuentesek.

Euskaraz aritzeko aukerarik ez izateak ikasitakoa galtzeko arriskua ekartzen du. Euskara maila pixkanaka pobretzen joatekoa. Horregatik ematen diete partaideek hainbesteko garrantzia tankera honetako ekimenei. Iraganean ere egin izan dituzte antzeko saiakerak, baina modu informalagoan.