Maite UBIRIA BEAUMONT
D. LOHIZUNE

Azterketak euskaraz egitearen aldeko okupazioek lehen emaitza eman dute

Seaskako guraso eta irakasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Hezkuntza Ikuskaritzaren hiru egoitza okupatu zituzten atzo. Errektorearekin biltzeko heldu den asteazkenerako hitzordua lortu ondoren amaitutzat eman zuten protesta iluntzean.

Frantses Hezkuntza Ikuskaritzaren hiru egoitza okupatu zituzten atzo, arratsaldeko lauak aldera, Seaskako hainbat irakasle eta gurasok. 20.00etan, berriz, protesta amaitutzat eman zuten brebeta eta baxoa euskaraz egiteko aldarrikapenari buruz hitz egiteko errektorearekin xerkatzen zuten hitzordua baieztatu ondoren.

«Gure aldarrikapenak gora eramatea nahi genuen», azaldu zion GARAri Piarres Larzabal kolegioko lehendakari Iurgi Arrizabalagak. Donibane Lohizunen akademiak duen egoitzan buruturiko ekintzan parte hartu zuen Arrizabalagak. Hamar bat lagun sartu ziren eraikinaren barnean langileak bazirela.

«Txirrina jo, atea ireki eta sartu gara, eta erran behar da ongi hartu gaituztela. Are, zerbitzuko hainbat ordezkari gurekin batera eseri dira mahaiaren bueltan gure aldarrikapenei buruz lasaiki mintzatzeko», zehaztu zuen.

Piarres Larzabal kolegioa Zokoan kokatuta dagoenez, Hego Lapurdi eskualdeko hainbat herrietatik heldutako hautetsiak batu ziren okupazio ekimenera. Besteak beste, Donibane Lohizunen eginiko itxialdian izan ziren Annie Poveda eta Iker Elizalde Euskal Herria Bai alderdiaren departamendu kontseilariak. Eraikinaren kanpoaldean, berriz, dozenaka lagun bildu ziren okupazio ekimenari babesa emateko. Donapaleun zein Baionan akademiak dituen egoitzetan antzeko irudiak utzi zituen okupazio ekimenak.

Eraikinen barnean ziren guraso eta irakasleek bideratutako okupazio ekintzarekin bat eginez herritar anitz bildu ziren egoitza horien sarreretan. «Urrats bat egin dugu azterketak euskaraz eginen direla bermatzeko errektorearekin bilera bat eskatzeko», laburbildu zuen Arrizabalagak.

Baxoa maiatzean eginen dute Seaskako ikasleek. Brebeta, berriz, ekainean. Denborak, beraz, presatzen du.

Dagoeneko Euskararen Erakunde Publikoak Baionan duen egoitzan protesta egin zuten, martxoaren 31n, Seaskako ikasle eta irakasleek. Erakundeko biltzar nagusira bertaratu zen François Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako departamenduaren Hizkuntza ikuskariarekin labur hitz egiteko parada ukan zuten. Atzoko protestarekin egin zuten bezala, aterabide egokiak bilatzeko elkarrizketari bide ematea galdetu zuten.