Kanadako indigenen genozidioaren irudia hautatu dute Urteko Argazki
Amber Bracken kanadarraren argazki bat aukeratu dute World Press Photoren irabazle. Ipar Amerikako herrian, agintari erlijiosoek kudeatutako Gobernuaren barnetegietan haur indigenak bortxaz sartu eta abusu fisiko, psikologiko eta sexualak egin zizkieten, jatorrizko kultura ezabatzeko. Etxera itzuli ez zirenei egindako omenaldia da obra.

Fotokazetaritza sariketarik garrantzitsuenetako batek, World Press Photok, atzo hautatu zuen 2022ko Urteko Argazkia: Ambar Bracken kanadarraren “Kamloops Residential School” obra da. Kanadako eskola horretan 215 ume indigena hil ziren eta haiei egindako omenaldia da irudia. “The New York Times” egunkariak argitaratu zuen. Bertan, bide baten ondoan gurutzeetatik zintzilikatutako soineko gorri batzuk ageri dira, haurren oroimenez jarriak. Beren gorpuak izenik gabeko hilobietan topatu zituzten, iaz, Eliza Katolikoak kudeatutako Kamloops egoitza zaharraren lurretan, Columbia Britainiarrean.
Efe agentziako Imane Rachidik jaso zuenez, barnetegi hori Maria Sortzez Garbiaren ordenako misiolariek zuzentzen zuten. 1890etik 1997ra halako 130 barnetegi izan ziren martxan Kanadan; Gobernuarenak ziren eta Eliza Katolikoak kudeatzen zituen. 150.000 haur indigena sartu zituzten horietan, bortxaz, eta abusu fisiko, emozional eta sexualak egin zizkieten, kultura indigena ezabatu eta “berriz hezteko” sistema baten parte.
Rena Effendi World Press Photo sariketako epaimahaiaren buruak nabarmendu zuenez, Brackenen irudia oroimenean grabatuta gelditzen den horietakoa da. «Erreakzio sentsorial gisako bat eragiten du, kasik lasaitasuna entzuten uzten du, kolonizazioaren historiako zor kitatze baten naretasun une bat da, Kanadan eta mundu osoan».
Bracken penatuta agertu zen Eferekin izandako elkarrizketan herri indigenen «kultur genozidioarengatik. Puntu bateraino beren hizkuntzak, kultura eta errituak ezabatzea lortu da», agertu zuen. «Ez dut adierazi nahi kultura deuseztatu denik, ez baita egia; komunitate ugarik lotura estua dute beren kulturarekin, baina horren parte bat berreskuratzea borroka bat izan da. Batzuetan esku bateko hatzekin zenbatu daitezke beraien erritu eta hizkuntzetara atxiki ziren pertsonak. Horiek gainerakoei erakutsi behar izan diete».
Suarekin basoak salbatzen
Urteko Erreportaje Grafikoaren kategorian, Matthew Abbott australiarrak lortu zuen saria. “National Geographic” aldizkarian argitaratu zen bere lana. Australiar indigenek milaka urtez egindako praktika bat goraipatzen du: zuhaixkak estrategikoki erretzea basoak salbatzeko eta balizko suteak kontrolatzeko. Lalo Almeida fotokazetari brasildarrak eskuratu zuen Epe Luzeko Proiektuarentzako Saria, “Distopia amazoniarra” lanarengatik. Bertan islatzen denak ez du soilik tokiko komunitatea kaltetzen, mundu osoa baino, Effendik adierazi zuenez. Almeidaren irudiek oihan amazoniarra sufritzen ari den «mehatxu ikaragarriaz» ohartarazten dute. Hainbat faktore daude: deforestazioa, meatzaritza, azpiegiturak eta baliabide naturalen gehiegizko ustiaketa. Jarduerok indar handiagoa hartu dute Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen ingurumen politika atzerakoien ondorioz.
Formatu Irekiari Saria Isadora Romerorentzat izan zen. “Blood is a seed” (odola hazi bat da) argazki dokumentala egin zuen, nekazaritzako biodibertsitatea zaintzeko Ekuadorren zientzialariak eta antzinako komunitateak egiten ari diren lana jasoz eta bien arteko zubiak eraikiz.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
