Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

OHE larregi, Lurrean bertan

Galaxia berri bat aurkitu dutela leitu berri dut, komunean. Urruneko espazio urrunean aurkitu ere. Omen! Amen! Gure espazio honen kanpoko hartan izan litekeenaz aparteko interesik inoiz izan ez badut ere, azken bolada honetan hasia zait zelanbaiteko jakin-mina sartzen… Helburu modura har nezake urruneko hura hurbileko galaxia hau uzteko asmoa behingoz gauzatzen hasiko banintz sikiera! Duda-mudan nago, halere, balizko ihesbidean abiatu aurretik Lur planetan gertatzen dena ulertu gura nukeelako. Joatekotan, jakintsu joan behinik behin, ez orojakile!

Ama, ama, zein den zaila planeta honetako munduena ulertzea! Esate baterako, zelan den posible, datuak datu, gosetea zabalduz joatea mundu guztietan mundu bateko inbasioagatik. Gurpil zoroa gero, elikagai merkatuarena. Horra OHE horiena ere, kasuko! Objektu hegalari ezezagunak! Nondik nora eta Lurretik Lurrerako OHEak, zerikusirik ez kanpoko espazioarekin! Bada bai, inork ez daki nondik abiatu zuten helmuga tren-geltoki jendetsua izan zuen misil hori. Lurreko misterioa! Zenbat satelite itsu orbitan!

Baina urrunera joan gabe ere, gure munduan, inork ez daki zeinek abiatu zuen orain hamar urte gazte futbolzalea karrika bateko gau hartan hil zuen pilota madarikatu hura. Misterioa ere, are gehiago teknologian bikaintasun oasia ei den honetan! Lege zaharrak, gero! Jaungoikoa! Misterioa, «zeruan bezala lurrean ere».

Total, gure poetak zabaldu herri kantua gogoan: «errondan dabil, berak baki nundik..», bai, Ajuriaeneko maizterraz nago, alderdi eta koalizio politikoekin ibili baita errondan; halaxe leitu dut behintzat, eta bai, komunean oraindik. Pentsatu behar dut garai bateko film mutuetan hizketa gehiago zegoela. Agintari batzuek Itzulia nahiago duten seinale, HitzEkin baino. Euren ohiko galaxiarako itzulia nahi ere. Amen!