KILOMETROAK 2022, HUTSETIK HASTEKO BEHARRA ETA GOGOA
Pandemiak gogor jo du Gipuzkoako ikastolen jai nagusia, baina ez da hori izan ekimena eraldatzeko arrazoi bakarra. Birusa Euskal Herrira iritsi baino lehen, festa erraldoia eta bakarra ardatz zuen ohiko eredua atzean uzteko asmoa zegoen. Aurtengoak ditugu, hain zuzen, aro berriko lehen Kilometroak.

Zer eta nola? Ez da erraza izan aurtengo Gipuzkoako jaialdi nagusiari erantzunak aurkitzea baina, antza denez, egon badaude. «Emantzat ematen genituen gauza asko bertan behera bota dizkigu pandemiak», aitortu du Josu Ozaitak. 41 urteko ibartar hau Ibarrako Uzturpe ikastolako ikasle ohia da, baita aurtengo Kilometroak jaiaren koordinatzailea ere. Antropologoa ere badela agerian geratu zaigu: «Hein handi batean, Kilometroak antolatzean festa, ospakizun bat, sortzen da, eta zerotik», dio ibartarrak, «erronka» eta «apustua» hitzak mahai gainean jarriz aldi berean. Horrek beldurra ematen duela dio.
2021eko udan, birusaren hedapena kontrolpean zegoelakoan, egutegi estu bat osatu omen zuen bere taldeak. Aitzitik, «seigarren olatuak» jo eta hutsetik hasi behar izan zuten, beste behin. Larria ez dela pentsa liteke, oraindik denbora egon badagoela urriaren 2a, «eguna», iritsi arte. Aurtengo planteamendua, alabaina, zeharo desberdina da.
«Urriaren 2a egutegian dago, baita ordura arteko beste egun asko ere. Hauxe da, hain justu, aurtengo aldaketa nagusietako bat», azpimarratu du Ozaitak. Kilometroak «kilolitroak» bilakatu zela dio, «horrek denoi sortzen zizkigun kontraesan guztiekin». Horrela, «eguna» heldu bitarteko mugarrien artean hamaika ekitaldi antolatu dira: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (Euskal Herriko 41 eskultorek hartuko dute parte); nazioarteko gastronomiaren aire zabaleko azoka, munduan zehar digitalki zabaldutako ekimena (gero hitz egingo dugu horretaz)… Horretan ari da buru-belarri 200 boluntariok osatutako talde bat. Horiei esker baino ezin dira ekintzak burutu. Ibarrako antropologoa harro dago auzolanaz. Ez da makala 500 ikasle dituen eskola txiki batentzat.
«Txikia izatea, batetik, eta herriko eskola bakarra dela, bestetik: hauexek Uzturperen ezaugarri nagusiak jaialdia antolatzeko garaian». Mikel Egibarren hitzak dira. 58 urteko gorputz hezkuntzako irakasle eta soziologo hau Kilometroetako koordinatzaile iraunkorra da: urtetik urtera, eta ikastolaz ikastola, jaiaren antolakuntzaz arduratzen da. 2015ean kargua hartu zuenetik, Egibarrek argi zuen ikastolen xedea eta Ozaitak aipatu «kilolitroak» ez zetozela bat. «Kilometroak indargabetuta sumatu genuen eta horrek gogoeta sendo bat eskatzen zigun. Jaiak nortasun aldarri bat egiteko balio behar zuelakoan geunden. Aldi berean, kulturaren papera ere aldatu behar zen: kontsumitu baino, esperimentatu egin behar da», adierazi du Egibarrek. Ospakizunak ikasturtean zehar egiten ari direla berretsi du, «gastronomia eta euskal kultura erroak direla». Herri kirolak egin dituzte herriko plazan, bertso afariak...
Edozein aukera da ona bi urteotako joera hautsi eta elkartzeko. “Milimetroak” ekimenak, esaterako, Tolosaldeko beste ikastetxeetako ikasleekin harremana sustatu nahi du hainbat topaketaren bidez eta, bide batez, Ibarra eta ibartarrak ezagutarazi. Egitasmo bera gauzatzen ari dira Oiartzualdean, Orereta ikastola baita hurrengo urteko Kilometroen antolatzailea. Ibartarrei gonbita egin diete eta Uzturpeko hogei lagun ari dira haiekin elkarlanean: Picassoren “Guernica” obraren bertsio eguneratua zirriborratu ostean, apirilaren 26an bat egingo dute Oiartzualdeko lagunekin maisulanaren neurri bereko beste bat margotzeko.
Mundu bat Ibarran
Zarautzen 2019an ospaturikoa izan zen eredu zaharreko azkena; gero pandemiak jo eta bete-betean harrapatu zituen 2020 eta 2021ekoak (Amasa-Villabona-Zizurkil eta Goierri). Horiek biak egin ziren, baina askoz modu xumeagoan. Gauzak horrela, Ibarrakoa izango da Egibarren taldeak marrazturiko lehengo jaialdi berria. Berrikuntzen artean badago Euskal Herritik mundura zabaltzen ari den bat: “Infinitu irribarra” izeneko egitasmo digitala da.
Irribarretsu ageri diren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatzen ari dira, planeta osoko irribarreen atlas modukoa osatuz. Kilometroak jaiari atxikimendua emateko aukera erraza dela diote arduradunek, «egun bakar hartan biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena». Helburu ekonomiko bat ere badu: argazki horien inguruan, publizitatea txertatuz, eta bidalketa egiten den unean, borondatezko diru ekarpen bat eskatzen da.
Interneten nabigatu gabe ere, herrian bertan aukera badago ia mundu osoko jendea ezagutzeko. Nigeriatik etorritakoak bizi dira Ibarran egun, baita Pakistan, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Honduras eta Ukrainatik iritsitakoak ere, besteak beste. Ibartarrak dira denak gaur egun eta askok ikastolan dituzte euren seme-alabak. Haien ekarpena aprobetxatzeko asmoz, Kultur Aniztasuna Batzordea eratu da. «Egungo edozein eskola bezala, gurea ere gero eta anitzagoa da», esan du batzordekide Ixiar Urkolak, ikasleen %17 beste herrialde batetik datorrela gogorarazita.
Eta patio bat amets
Taldea te eta pasta dastaketa batean elkartu zen aurrenekoz eta, ordutik, makina bat ideia paratu dira mahai gainean: agendan da Munduko Sukaldeak Azoka, atzerritik etorri eta egun ikastolako kide direnek nortasun aldarri eta gozo bat egin dezaten Ibarrako plazatik. Bestalde, Uzturpeko DBHko ikasle talde bat buru-belarri ari da podcast sorta bat osatzen; bertan bildu nahi dira euskararen mundura iritsi berri direnen bizipenak eta sentimenduak. Urkolaren hitzetan, Uzturpe ez da inoiz hain aberatsa izan.
Ibarrako eskola bakarrak iaz ospatu zuen 50. urteurrena. 70eko hamarkadan sortutako gehienek bezalaxe, Uzturpek ere makina bat oztopori egin behar izan zien aurre: Administrazioaren trabak, baliabiderik eza… Elizak utzitako lokal batean bildu ziren lehendabiziko 19 ikasleak eta etxe bateko beheko solairuan gero, 1980an San Bartolome eskola publikoaren eraikin zaharrean instalatu ziren arte. Horrela, lau hamarkada igaro dituzte Egi baserri alboan, Ibarra gaineko bista onenak dituen muin horretan. Uzturpeko zuzendari Usue Sukiaren hitzetan, baina, «borroka amaigabe» bat izan da.
«Lau urte beteko dira aurki ikastola eraldatzeko proiektuari ekin genionetik. Obra egiten ari zela, zimenduak ukitu ziren, istripuz. Egoera hain izan zen larria soldatak ordaintzeko arazoak ere izan genituela», gogoratu du. Nolanahi ere, okerrena ez omen zen hori izan: ikastolako ikasleen erdiek barrakoi batzuetan jaso zituen eskolak, ia urtebetez. Bitartean, epaiek erabaki behar zuten horren kostua nork ordainduko zuen.
«Epaiketa irabazi arren, eraldaketa ez zen guztiz burutu eta laborategia nahiz patioa egin gabe gelditu ziren», damu du Sukiak, zuloz jositako esparru batetik paseatzeko gonbita egin ostean. Ez da jolas egin, esperimentatu edota kirola egiteko toki aproposa, eta arriskutsua ere bada. Kilometroak jaiak emango duen dirua hura egokitzeko erabili nahi da. Zulo horiek estali orduko, hamaika ekimen eta emanaldi kateatuko dira. Hauek guztiek hazi bat landatuko dutelakoan dira ibartarrak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
