Beste lau greba egun deitu dituzte Transfusio Zentroan
Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileen soldata «diskriminazioa» salatzeko, beste lau greba egun deitu dituzte, hilaren 19tik 22ra bitartean zehazki, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Euskadiko Goi-mailako Osasun Teknikarien Batasunak. Langileek Osakidetzaren «jarrera immobilista» salatu dute.

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Euskadiko Goi-mailako Osasun Teknikarien Batasunak lau eguneko greba deialdiarekin jarraitzea erabaki dute «Osakidetzaren jarrera immobilista» salatzeko. Azaldu dutenez, «Osakidetzak ez du urrats bakar bat ere egin langileen arteko soldata diskriminazioari amaiera emateko».
«Are, urte honetako apirilaren 1eko mahai sektorialean adierazi ziguten ez zela lehentasunezko gastua Osakidetzarentzat eta aurrekontuan ez zegoela aurreikusita. Zentroko langileak gutxietsi ere egin zituzten, esanez ez dutela arreta espezializaturik ematen, eta hori ez dator bat errealitatearekin; izan ere, langile horiek arreta espezializatua ematen dute sareko beste zentro batzuekin koordinatuta, eta, besteak beste, EAEko ama esnearen bankua kudeatzen dute», azaldu zuten sindikatuek.
Iaz Osakidetzak «gatazka konpontzeko proposamena» mahai gainean jarri zuela gogoratu zuten, baina «proposamen hori hurrengo hilabeteetan aldebakarrez kendu zuen mahai sektorialetik, eta uko egin dio horri buruz hitz egiteari denbora honetan guztian». Sindikatuen ustez, «gertakari horiek agerian uzten dute Osakidetzak ez duela soldata parekatzea negoziatzeko borondaterik, ez eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen lan baldintzak hobetzeko borondaterik ere».
Aipatu erakundeek dei egin zioten Osakidetzari langileen ordezkariekin negoziatzera eser dadin eta Mahai Sektorialera joan dadin, «Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan aspaldidanik dagoen gatazka konpontzeko planteamendu zehatzekin; eta behingoz onar dezan kolektibo osoari %4ko osagarria jasotzeko eskubidea, eta ordain diezaiola».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
