URRUÑA

Mundua zeharkatuko duen Aberri Egun bateraturako deia egin dute

Aberri Egunaren bezperan ekitaldi deigarria egin zuen atzo Euskal Herria Baterak Urruñan, hain zuzen, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean. Gaurko hitzordua, mundu guztian eta 24 orduz ospatzera deitu zuen, eta horretarako euskal ikurrak atera eta euskal ereserkiak abestea eskatu zuen herri ekimenak.

Aberri Egunaren bezperan, Urruñan, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean, Euskal Herri osotik heldutako ordezkaritza zabala bildu zen, Euskal Herria Batera ekimenak deituta. Bertan, “Abadia adierazpena” irakurri eta 24 orduz mundua zeharkatuko duen Aberri Eguna ospatzeko deia egin zuten.

EAJ-PNB, EH Bildu, EH Bai, Podemos-Ahal Dugu alderdietako ordezkariak, ELA eta LAB sindikatuetakoak, Kontseilua, Udalbiltza, AEK eta Seaskako kideak, eta kultura eta gizarte esparruko hainbat jende ezagun elkartu zen, hala nola Ines Osinaga, Pantxika Urruty, Gotzon Barandiaran, Josu Camara, Jon Sarasua, Gaizka Aranguren, Jose Mari Esparza, Ximun eta Manex Fuch, Irkus eta Gurutz Robles, Camino Saiz, Javier Etayo Tasio, eta Joseba Aurkenerena. Filipe Aramendi Urruñako alkateak harrera egin zien guztiei herriko etxean.

«Berezia da guretzat Batera-ren ekitaldia, Aberri Egunaren bezperan, Urruñan, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean», azaldu zuten Maitena Diribarne eta Mattin Rafu Ruiz de Alda Lassksonen Baterako kideek, eta iragarri zuten «hizkuntzak eta kulturak komunitatearen indartze integratzailean egindako ekarpenaren balioa aitortzeko ekitaldia» izango zela.

Hizkuntza, kultura, herria

Euskal Herria Baterak Aberri Eguna mundu osoan elkarrekin ospatzeko eta euskal ikurrak erakusteko deia egiteko probestu zuen Urruñako hitzordua, eta hiru kantu, hiru ereserki, proposatzen zituen xede horretarako: “Ikusi mendizaleak”; “Txoriak Txori” eta “Gernikako Arbola”.

Abadiako adierazpenari dagokionez, honek euskara eta kulturaren garrantzia goraipatzen du, «nazio berpiztea» sustatze aldera. «Mundua kultura bati atxikita irudikatzen duen jendea gara, historia bat duena eta izan nahi duena, jaso duen Historia orainetik etorkizunera herri ikuspegitik sortuko duena», aipatzen du, zehazki, testuak, eta gaineratzen du kultura «tresna eta orubea» direla «euskal nazioa birsortzeko», kultura «ezinbesteko baliabidea baita komunitatea bateratzeko eta jendartean zoriona ereiteko». «Kulturak, gure aniztasunean batzen gaituenean, munduak ikus gaitzan eta munduan Herri bat izan gaitezen lortzen du», dio Ines Osinagak eta Ximun Fuchsek irakurri zuten dokumentuak.

«Hizkuntzak egiten gaitu pertsona. Kulturak herri. Kulturarik gabe ez dago herririk, ez dago kulturarik gabeko herririk», nabarmendu zuten, eta gogora ekarri zuten gure herrian, mendez mende, ekimen herrigile ugari abiatu direla. «Euskal Herriaren balioa batera sortzeko duen gaitasuna da», adierazi zuten, alde horretatik, eta «mundua abiada bizian okerrerako aldarazten ari diren gertakariei denok batera aurre egiteko dei egitera» datozela gaineratu zuten: «Ez dugu denbora geratu nahi; denborak mundua ez galtzea nahi dugu. Elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatuko duen esteka klikatu nahi duen jendea bildu gara hemen».

Ez betikoak, ez betirakoak

«Hemen gaude, lur honi loturik. (…) Lur bati lotzen baitzaio jendea munduan egoteko, sorterria utzi behar izanez gero, nora itzuli izateko», aipatzen du adierazpenak, eta zera gogorarazten du: «Itsasoari begira bizitzea hautatu zuten lur honetan herri bat eraikitzen hasi zirenek, ohartu baitziren euri guztien urak, Orhikoak eta Bizkarzekoak, goi-mendietakoak eta behelurretakoak, ibaietan zihoazela itsasoaren bila. Agian horregatik, itsasoari matxinbratzen zaio herri honetako jendea, eta ibaiei jarraitzen die portu berrien bila». «Baina itsasoak –gaineratzen du– izen bat behar du, eta izen bat behar du portuak, eta ibaiak, eta mendiak, eta herriak ere behar du izen bat, hemen gaudenok jakin dezagun zein lekutan bizi garen, itsasora goazenean jakin dezagun zein portura itzuli. Eta izenak hizkuntza bat behar du izateko, eta guk ere behar dugu esanez izateko. Horregatik gara hizkuntza bat atxikitzen duen jendea; hitzak esanez egiten dugu hizkuntza: ‘Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?’».

Dokumentuan zehazten denez, «lur honetan gaude eta herri hau eraikitzen ari gara, baina ez gara betikoak ezta betirakoak: ‘Gu mundukoak gara, baina mundua, ez da gurea’»; «behinola nonbaitetik iritsi ziren asaba migratzaileen ondorengoak» garela dio agiriak, «beste nonbaitetik datozenak bertokotzat hartzen dituen herria».

Komunitarismoa indartu

Idazkiak, Euskal Herria Batera 2020ko «Aberri Egun berezian» sortu zela gogora ekartzen du, «pandemiaren unerik beltzenean», alegia. «Globalizazioaren arriskuei aurre egiteko komunitarismoa indartu behar dela uste genuelako, lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak direlako tresnarik egokienak pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko», azpimarratzen du.

Bide horretan, ekimenaren sustatzaileek diote «ekarpen bat» egin nahi izan dutela: «Aberri Egunetan jendarte zibilari lema hartzeko eskatuz leihoetan eta plazetan bildu ginen, Euskal Herria bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatuz». «Batera egiteko gaitasunaren emaitza gara gu, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako», laburbildu zuten atzo Urruñatik.

Euskal Herria Batera osatzen duten lagunen aburuz, «anbizioaren eta konpromisoaren garaia da», eta, bide horretan, aurten «ikurren udaberria» sustatu dutela gaineratu zuten, hurrengo urteotan «nazio gogoaren berpizteak kulturaren udaberriari bide eman diezaion».

Izan ere, Abadiako adierazpenean aipatzen denez, «Euskal Herria Baterak ez du bere horretan iraun nahi, sor xedeari lotzen gatzaizkio». «Konpromisoa hartzen dugu euskal jendarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz».

«Azken finean gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa», nabarmendu zuten, ekitaldiari honako hitz hauekin bukaera emateko: «Goretsi dezagun batera egiteko gai garena. Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte».