GARA
BAIONA

Mobilizazio berriak Esnal eta Paroten auzien harira

Ekainaren 11n manifestazioa deitu dute, Baionan, baldintzapeko askatasuna lortzeko bi presoek maiatzean izanen dituzten auzien ebazpenak egun horren bueltan ezagutuko direlakoan.

Baldintzapeko askatasuna lortzeko Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal lapurtarrek bideraturiko eskaerak aztertuko ditu Justizia frantsesak maiatzaren 13an, lehenaren kasuan, eta maiatzaren 19an, bigarrenean.

Auzialdi horiek 32 urte kartzelan bete dituzten militanteen etorkizuna markatu dezaketela jakitun, Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek mobilizazio berriak deitu dituzte adineko bi presoen etxeratzea bultzatzeko. Auziak igaroko diren data zehatzean elkarretaratze bana deitu dute Baionan eta Donibane Lohizunen. Ekainaren 11rako, berriz, manifestazioa antolatu dute, Baionan, bi presoei dagozkien erabakiak data horren inguruan ezagutaraztea espero dutelako.

Finean, frantziar Presidentetzarako zein Legebiltzarrerako bozen atarian, hautetsi berriei «axolagabekeria» alboratuz euskal prozesua aitzinarazteko engaiamendua har dezatela galdegin zieten, atzo, desobedientzia ekintza berriak iragarri zituzten bake eragileek.