GARA
GASTEIZ

Patronalak Bizkaiko Metalgintzako mahaia blokeatu duela salatu dute

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren seigarren bilera egin zen atzo eta, ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, FVEM patronalak ez zuen negoziatzeko borondaterik agertu. Sindikatuen eskaerei erantzuteari uko egitea leporatu diote FVEMi.

FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak «uko egin dio sindikatuen eskaerei erantzuteari eta hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatzea erabaki du, jarrera harroputz eta arduragabez», adierazi zuen atzo LABek Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren seigarren bileraren ostean. ELAk ere patronalak ez duela negoziatzeko inolako borondaterik salatu zuen.

Aurreko bileran, zehaztuta dauden plataformetan jasotako auziei erantzuteko eskatu zioten patronalari sindikatuek. Besteak beste, kontsumo prezioen indizearen gaineko soldata igoerak, lanaldi murrizketa, aldi baterako ezintasunen osagarriak, ordaindutako lizentzien hobekuntza, aparteko orduei buruzko neurriak, errelebo kontratuaren aplikazioa, behin-behinekotasuna eta aldi baterako lan espedienteak mugatzeko neurriak, eta telelanaren erregulazioa.

LABek gogora ekarri zuenez, azken hitzarmena hamar greba egun egin ostean lortu zuten eta «argi dago FVEMek bere jarrerarekin agertoki berera bultzatzen gaituela». Egoera ikusita, indarrak batzeko, aliantzak sortzeko eta mobilizazioei ekiteko unea dela nabarmendu zuen sindikatu abertzaleak.

Bizkaiko Metalgintzan egun lan karga egon badagoela nabarmendu zuen ELAk, iaz sektoreko enpresek «etekin handiak izan zituztela» gogoratu aurretik. Horregatik, «eduki onak» izango dituen hitzarmenaren aldeko apustua egin duela esan eta mobilizazioak deituko dituela iragarri zuen.