GARA
Brusela

Amazonek 51.000 milioiko diru sarrera izan du Europan, zergarik ordaindu gabe

Amazonen Europako filialak 51.000 milioi euroko diru sarrera izan zuen 2021ean. Hala ere, 1.160 milioi euroko galera deklaratu zuen eta, horri esker, ez zuen euro bakar bat ere ordaindu zergetan. Gainera, 1.000 milioi euro jaso zituen kreditu fiskaletan.

Bloomberg atariak argitaratutako dokumentuek agerian utzi dute beste behin ere Europako erraldoi teknologikoek zergak ez ordaintzeko baliatzen duten “ingeniaritza fiskala”. Negozioen munduan espezializatutako komunikabideak agertu duenez, Amazonen Europako filialak 51.000 milioi euroko diru sarrera izan zuen 2021ean eta, hala ere, ez zuen euro bakar bat ere ordaindu zergetan. Hori lortzeko, 1.160 milioi euroko galera deklaratu zuen. Are, horri esker 1.000 milioi euro jaso zituen kreditu fiskaletan.

Luxenburgon egoitza duen Amazonen filialak egiten ari den inbertsio handiak argudiatuta justifikatzen ditu beti galerak. Urtero errepikatzen den kontua da. 2020an, adibidez, 44.000 milioi euroko diru sarrera izan zuen eta, 1.200 milioiko galera deklaratuz, ez zuen zergarik ordaindu.

Azken urteotan, herrialde ugarik jarri dizkiote isunak Amazoni hainbat arrazoi tarteko. 2021eko uztailean, Luxenburgok 746 milioi euroko zehapena jarri zion Amazon Europe Coreri Europar Batasuneko datuen babeserako araudia urratzeagatik. Azaroan, Italiak 68,7 milioiko isuna jarri zion beste banatzaile batzuei jardutea galarazten zieten praktika murriztaileak erabiltzeagatik. Zerga gaietan ere, Amazonek eta beste enpresa batzuk aspalditik dira Europako legegileen helburu. Baina, azkenean, Europar Batasuna ez da inoiz akordio batera iristen, kide batzuek jartzen dituzten oztopoak tarteko.

Jeff Bezos buru duen enpresak hodei konputazioaren eta merkataritza elektronikoaren arloan dihardu, eta Seattlen (Ameriketako Estatu Batuak) du egoitza nagusia. Besteak beste, Alexa Internet, A9.com, Shopbop, Internet Movie Database (IMDb), Zappos.com, DPreview.com edo Twitch bezalako negozioen jabea da Amazon.