Idoia ERASO
ZUGARRAMURDI

«Maddiren trajeria» pastorala elkarrekin antzeztuko dute nafarrek eta lapurtarrek

Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen Xareta araneko 100 bat biztanle elkartu dira datorren urriaren 15ean eta 16an antzeztuko den «Maddiren trajeria» pastorala elkarrekin prestatzeko. 1965ean Piarres Lafittek Nafarroa Beherean bildu zuen «Oreina bilakatu neska» poesian oinarritu da Gerardo Munguia iruindarra Zugarramurdiko leizeetan aurkeztuko den obra idazteko. Pantxika Urruty barkoxtarra ari da errejent lanetan.

Zugarramurdi, Sara, Urdazubi eta Ainhoako biztanleek bat egin dute Gerardo Munguia iruindarrak idatzitako pastoralean parte hartzeko. Javier Yaben eta biek eraman zuten proiektua Xaretara, eta bertako biztanleak berehala lotu ziren egitasmora. Antzezlanaren oinarri diren poemak ezagunak dira, Benito Lertxundik, Mixel Bedaxagarrek eta Haizea taldeak kantu bilakatuta abestu dituztelako. Lafittek “Oreina bilakatu neska” izena eman zien, baina idazleari eta herritarrei izena aldatzea egokiagoa zela iruditu zitzaien, pastoralaren estiloarekin bat egin dezan.

Xaretako herritarren antzezpena tradizioa errespetatzen egingo dela ziurtatu zuen atzo egileak: «Erabat klasikoa izango da eta arau guztiak errespetatuko ditu. 200 bertset izanen ditu, hamarren bat kantore edo abesti, dantzak, guduak... Euskal mitologiaren pertsonaiak ere sartuko dira. Zuberoako pastoralaren egitura izanen du, eta pertsonaiak ere, satanak...».

Pastoralaren kodeak ederki ezagutzen dituen errejenta izanen da gidari, laugarren aldia baita Pantxika Urruty lan horretan ari dela. Zuberoatik kanpo egiten diren pastoraletan erreferente bilakatu da dagoeneko. Lehen pastorala Baionako “Katalina de Erauso” izan zuen eta geroztik 2017an Etxalarko “Karmen Etxalarkoa” eta 2018an Hiriburuko “Andere serora” zuzendu ditu.

Emakumeak errejent eta sujet

Emazte errejenta ez da ohikoa, ez eta sujeta edo protagonista hala izatea ere. Horregatik, aurtengoa urte “historikoa” dela esan daiteke, eginen diren bi pastoraletan horrela izanen baita. Izan ere, Zuberoako pastoral ofizialak Simone Veil izanen du protagonista eta Maider Davant zuzendari.

Horrekin pozik agertu zen atzoko aurkezpenean Munguia: «Ez da ohikoa, emakume gutxi baitira pastoraletan. Bi pastoraletan emazte sujeta izanen da aurten eta polita da, horrela hausten baita kate bat».

Xareta eskualdeko herritarrek egingo dutena ez da Munguiak idazten duen lehenengo pastorala, aurretik ere batzuk idatziak baititu jada. “Karmen Etxalarkoa” berak idatzitakoa zen, eta aurtengo hau ere aspalditik prest zeukan: «Gaia iruditu zitzaidan aproposa izaten ahal zela Xareta eskualderako, eta lehen bilkurara hurbildu zirenak bat etorri ziren».

Bertsoek Pazko arratsaldean oreina bilakatu ondoren neskatila batek bizi duena kontatzen du. Pastoralaren izenburuak dioen bezala, trajeria bat bada bukaeran, izan ere, bere anaia ehiztariaren txakurrek hiltzen dute Maddi oreina bilakatua delarik.

«Joan den urrian, Javier eta biok joan ginen Iruñetik, eta berehala ongi hartu gintuzten, proiektua ziztu bizian sartu zitzaien beraien asmoetan, eta hortik abiatu ginen mintzatzen», azaldu zuen idazleak. Lehendabizi entsegu txiki batzuk egin zituzten hastapenean, eta urtarriletik aurrera «serioski» ari direla ziurtatu zuen. Hilabetero bitan elkartzen dira eta egun osoa ematen dute pastoralak eskatzen dituen diziplinetan trebatzen, kantuan, dantzan edo koreografia segituz taula gainean ibiltzen. Jesus Mari Lopetegi zarauztarrak, Fermin Iriarte zugarramurdiarrak eta Errege Belak kantoreak musikatu dute pastorala.