GARA
bilbo

13/13 sumarioa artxibatzeko galdegin du gehiengo sindikalak

13/2013 sumarioa «irregulartasunez» beteta dagoela nabarmendu eta berau artxibatzeko eskatu zuten sindikatuek atzo goizean Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean, espetxe-politikak alda daitezen eskatzeko hilero egiten duten mobilizazioan.

Hilean behin egin ohi duten moduan, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuak Bilbon elkartu ziren euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, gradu-progresioak gauzatzea eta legeria arruntean jasotako espetxe-onurak betetzea exijitzeko. Halaber, apirilaren 10ean 13/13 sumarioan kondenatutako pertsonak gogoan izan zituzten. Arantza Zulueta abokatuari zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazional espainiarrak eta Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri, berriz, hiru eta lau urte arteko zigorrak.

13/13 auziarekiko «kezka eta gaitzespena» adierazi zuten sindikatuek, eta sumarioa irregulartasunez beteta egon dela nabarmendu zuten. Besteak beste, legez kanpoko polizia operazioa, telefono erregistro eta entzuketa irregularrak, «CNIren esku beltza» eta oinarrizko eskubideen urraketa aipatu zituzten Bilbon bildutako sindikatuek. Hori dela eta, prozedura judiziala artxibatu dezatela eskatu zuten, aipatutako irregulartasunengatik ez ezik, pentsatzen dutelako epaitutako pertsonak kondenatzeaz aparte, «bakearen eta bizikidetzaren alde egin duen euskal gizarte osoa kondenatzeko helburua duen ekintza» dela.

Atzoko mobilizazioan, bestalde, pasa den irailaren 3an zendu zen Juan Mari Jauregi gogoan izan zuten; hau ere 13/13 sumarioan auzipetua.