Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Erlijio zirkularra

Aste santua etxeko ortu- eta belar-lanetan eman ondoren. pazko astean inguruz aldatzea erabaki nuen. Eta hara! Bost hamarkadaren ostean elizen inguruko inguruak bisitatzera joan. Beldur naiz ez ote den hori izango normaltasun berri horren ondorio eta azkenean ez ote naizen elizkoi bihurtuko! Jainkorik bada lagun nazala hori horrela ez izaten! Arren! Amen!

Total, euskal pasaportea hartu eta Espainiako lurralde hustu zabalean ibili naiz, euskal mugetatik larregi urrundu barik, badaezpada. Batek daki zer ekar dezakeen biharamunak! Jainkoak berak baleki! Hain da mundu zaurgarria gaurkoa! Bada bai, lantzean behin Vueltakoak baino pasatzen ez diren eremuetan ibili. Kontuak atera, autobus geltokiak ondare historiko bihurtzekotan dira! Pentsioa hirian irabazitako batzuk bueltatu dira, eta bertako gazte gehienak hirira joan biharko balizko pentsio bila. Ez ei dago lurretik pentsioa ateratzerik!

Errepide hustuetan ibiltzeak paisaien historia hobeto ulertzeko parada eman dit. Eta mugikorrak estaldurarik ez! Pikutara Pegasus! Garia, garagarra, oloa ... izena eta izana, laboreen berde-dibertsitatea, “txikia banaiz, handia banaiz, maiatzean burutuko naiz” atsotitza gogoan, urruneko garautegiak inbaditzeak hurbileko garautegiak indartzera ekarriko ote duen, dudan. Helduko ote da horraino hezkuntza itun berria? Eta trantsizio ekonomikoa? Aldatu beharreko lehenengo txipa burukoa da, seguru.

Erliebearen gozoan silueta batzuk dira ageri: elizak! Tamaina guztietakoak, baina guztiak handiak, kristorenak! Inguruko herrixken txikia ikusita galdera segituan: gaur inflazioa aurreikusten dutenen arbasoak ote ziren ordukoak? Mundua mundu, eta erlijio zirkularra buruan, hobe eliza barrukoak garau-biltegi bihurtu… eta kanpokoa lasto-fardelen leku! Eta kanpandorreak biodibertsitatea sustatzeko: zikoinen habia!