LAB: hazkundeak ez dakar beti lan baldintzen hobekuntza
LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ohartarazi duenez, «hazkunde ekonomikoak ez dakar beti hobekuntza bat lan eta soldata baldintzetan». Ezta 2022ko lehen hiruhilekoan bezala urtetik urterako barne produktu gordinak gora egiten duenean ere. Hala, Aranburuk salatu du azken urteotan «gero eta desorekatuagoa» dela aberastasunaren banaketa. LABek ez du parte hartuko langileek «erosteko ahalmena galtzea» dakarren errenta itunetan.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak EAEko barne produktu gordinaren datua baloratu zuen atzo Radio Euskadin. 2022ko lehen hiruhilekoan, urtetik urterako %5,7ko igoera izan du, aurreko hiruhilekoan kalkulatutako urtetik urterako hazkundea baino puntu bat gehiago.
LABeko ordezkariak ohartarazi zuenez, azken urteotan, «laneko errentak kapitalaren errentetara aldatuz joan dira, ikusi da aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa dela, eta egoera horrek ondorio okerragoak ditu ekonomia ahultzen bada, baina ekonomia bere kabuz ondo joateak ez du esan nahi langileen bizi-baldintzak hobera doazenik».
Horregatik, esan zuen eztabaida bat ireki behar dela «birbanaketa-politiken beharraz»; izan ere, gaur egungo testuinguruan, «berriro ere ahalegina eskatzen zaie langileei, prezioen igoerak edo energiak denei berdin eragiten ez dienean. Kontsumo prezio indizearen (KPI) igoera gehiegizkoa da, eta langileek ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu behar. Soldaten erosteko ahalmen hori berreskuratu behar dugu KPIa bermatuz». Alde horretatik, berretsi zuen LABek ez duela parte hartuko langile klaseak «erosteko ahalmena galtzea ekarriko duen» errenta itunetan, eta beharrezkotzat jo zuen fiskalitateari buruzko eztabaida bat irekitzea, «ez baita duina langileei soldaten arloan ahaleginak egitea eskatzen zaien bitartean Ibex 35eko zuzendariek beren soldatak handitzen jarraitzea».
Soldaten igoeraren negoziazioari dagokionez, Aranburuk adierazi zuen LABek KPIaren erreferentzia mantenduko duela, eta, Pedro Aspiazu Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari erantzunez –soldatak azpiko inflazioaren arabera igotzea dela «logikoena» esan zuen–, salatu zuen Lakuako «hainbat kidek» denbora daramatela «patronalen bozeramaileak izaten».
Lan istripuak
Laneko ezbeharrei dagokienez, «lantokietan gertatzen ari dena minimizatzeko» eta «laneko ezbeharren datuak ezkutatzeko» ahalegina gaitzetsi zuen Aranburuk, in itinere edo ez-traumatikotzat jotako laneko istripu asko «ez direlako lan-istripu gisa ikertzen». Halaber, eskatu zuen kontuan hartzeko «laneko nekea, laneko estresa, arrisku psikosozialak eta horrek guztiak in itinere istripuetan zein istripu ez-traumatikoetan duen eragina». Lanbide gaixotasunei dagokienez, salatu zuen egun ez dagoela erregistrorik, ezta horien «arrazoiak eta ondorioak ikertzeko eta datu horiek erregistratzeko borondaterik».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
