Andoni TOLOSA
Musikaria

Inbertsioak

Gauzak okertzen direnean musika-bildumara jo ohi dut. Automatikoa da, ez dut aztertu behar, ez dut hausnartzen, ez dut ezer esaten (ezta nire buruari ere)... Nahasmena goia jotzear dagoela sumatzen dudanean, burmuina itzali, kableak lotu, tramankuluak piztu, eta «play» sakatzen dut; horixe da egiten dudan guztia. Orduan iristen zaio hainbeste urtez, hainbesteko ahaleginez eta halako inbertsioarekin (denbora eta dirua) osatutako disko-bildumari errentagarritasuna galdegiteko tenorea. Horrela, kontsolamendu-gaitasunean, eragindako emozioen ukipen-graduazioan, barnean irekitako behin-behineko zirrikituen luze-zabalean, berpiztutako oroimenen hurbiltasun erlatiboan, edo larrua korritzen duten txinparta elektrikoen intentsitatean jaso nahi dut bizitza osoko lanaren ordaina.

Berdin dio tristeegi edo alaiegi nagoen, bost axola buruko lainoak bost tona pisatzen dituen, ezin dudan lo egin, esnatu nahi dudan, nigatik ala besteren batengatik nabilen hain aztoratua, mundua edo ardoa den giltzurrunean hozka ari zaidana... musikara jotzen dut beti. Ez da oso justua, gehiegi eskatzen diodala uste dut zenbait apal, kaxoi, kaxa eta disko gogorretan barreiatutako musika-bildumari. Eta okerrena; ez dakit noiz arte funtzionatuko duen terapia-modu honek. Baina orain arte gutxitan huts egin didanez, goraipatu nahi dut, nire bizitzako etxe-aldatze eta bizikide guztiak zein lagun gehienak ezagutzeaz gain, nire barneko barrunbeak, 40 urte edo gehiagoz, jasan dituen Fairport Convectio