Arnaitz GORRITI
BURUZ BURUKO TXAPELKETA

Ezkurdia, zuzenean finalerdietara

Zabaletaren kontra eskuetatik gaizki amaitu ondoren, Dariok uko egin dio Arbizukoaren aurkako final laurdenetako ligaxkako hirugarren partidari.

Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako ligaxkak pilotariengan neke handia sorraraziko zuela ziotenek, zeharka bada ere, kale egin dute; galdetu bestela Joseba Ezkurdiari. Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako partiden erritmoak ez zuela atsedenerako eta eskuak osatzeko tarterik lagako ziotenek ere ez dute erabat asmatu; galdetu bestela Joseba Ezkurdiari. Ez da berak horrela nahi izan duelako izango, baina Arbizuko aurrelaria finalerdietara partida bi jokatuta –Asier Agirreri final-zortzirenetan eta Zabaletari final-laurdenetan– pasako da, eta A multzoko buru! Fresko eta eskuetatik ezin hobeto helduko da finalerdietara, beste nornahiri inbidia emateko moduan!

Iragan asteburuan Jokin Altuna izan zen nafarraren aurka jokatzerik izan ez zuena ezker eskuko arazoak tarteko; bada, atzo jakin zen Dario Gomez aurrelari errioxarrak ere, bezperan Jose Javier Zabaletaren aurka 22-14 galdu eta gero, ezingo duela Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako hirugarren jardunaldiko partida jokatu eskuetako mina dela eta. Horrenbestez, Esku Pilotako Enpresen Ligak, bere araudi propioari jarraiki eta lehiaketa epaileak hala ebatzita, hirugarren partida hori ere Ezkurdiari 22-0 irabazitzat ematea erabaki du, Dariok ez daukalako partida atzeratzeko eskubiderik, araudiaren arabera.

«Ez da gustukoena. Nik nahiago nuen partidak jokatzea, jokatzeko entrenatzen baitut. Hala tokatu zait eta tira, baina kezka pixka bat badaukat, bi asteburu jokatu gabe daramatzat eta hurrengo jokatu beharrekoa finalerdia izango da... Ea nola nagoen!», adierazi zion atzo nafarrak Euskadi Irratiari. Ongi ari delako entrenatzen «gustura» dagoela onartu zuen Arbizukoak, baina, ohartarazi zuenez, «partidak behar izaten dira kantxan nola zauden, nolako sentsazioak dituzun ikusteko».

Arazoak arazo, Buruz Buruko Txapelketan ere martxan jartzea erabaki den ligaxka sistemaren aldeko azaldu zen Ezkurdia, nahiz eta auziari «agian buelta bat» eman behar zaiola iritzi. «Lau eta Erdikoaren sistema bera da, baina frontoi osoan egia da gogorra egiten dela. Buelta pare bat ematea beharko luke, azkenean, eskuek asko sufritzen dutelako. Baina jendeari begira eta lehiarako, sistema ona iruditzen zait, gogorra izanagatik», esan zuen Ezkurdiak.

Lasok ere kale

Atzo, berriz, Baños de Rio Tobian Lasok eta Rezustak pilota aukeraketa izan behar zuten, bihar B multzoko ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldia jokatzeko.

Alabaina, azkenean biharko partida bertan behera geratu da, Lasok jokatzeari uko egin baitio. Antza, sorbaldan min dauka eta ez jokatzea erabaki du nafarrak. Izan ere, sailkapenari dagokionez, ezer ere ez zegoen jokoan, Bizkarreta-Gerendiainekoa finalerdietarako sailkaturik baitago eta Rezusta, berriz, dagoeneko kanporatuta aurrez Jakaren eta Artolaren aurka galdu ostean. Hala, neurketa ofizialki Bergarako atzelariak 22-0 irabaziko duen arren, ligaxkako sailkapenari ez dio horrek inolako aldaketarik eragingo.

Jokin Altunaren zain

Zabaleta edo Altuna izango da Lasoren arerioa finalerdietan. Ondorioz, larunbatean Atano III.a frontoian kanporaketa zuzena balitz bezala jokatuko beharko dute Jokin Altunak eta Zabaletak. Betiere, noski, Altuna III.a jokatzeko prest bada.

Pilota aukeraketa gaur 13.30ean izango da, baina aurrez, 11.30ak aldera, proba egingo du Amezketako aurrelariak, joan den asteburuan bere ezker eskuaren hobe beharrez kale egin eta gero. «Ez dakit zer gertatuko den, baina nik uste Jokin jokatzeko garaiz iritsiko dela», adierazi zuen, bide batez, Jose Javier Zabaletak Legazpin asteartean Dariori irabazi eta gero.

Etxarrengo atzelariak nabarmendu zuenez, «ni asteburuan jokatzeko prestatuko naiz eta, egun batzuek libre izan dituenez, nik uste Jokin iritsiko dela. Partida oso zaila daukat gainera; pasa den urtean finalerdietan bere aurka tokatu zitzaidan eta ez nuen batere ongi jokatu. Ea aurten lan gehiago eginarazten diodan».

Bestalde, gaur 11.30ean Erik Jakak eta Iñaki Artolak ere pilota aukeraketa izango dute Bilboko Bizkaia frontoian. Lizartzakoak eta Alegiakoak finalerdietan Ezkurdiaren aurka jokatzeko txartela izango dute jokoan igandean Bizkaiko hiriburuan.