Osakidetzaren borondate eza salatzeko elkarretaratzeak grebaren atarian

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin zituzten atzo, Osakidetzako ospitaleetan eta Osasun Mentaleko sarean langileekin negoziatzeko dagoen borondate eza salatu asmoz. Iragarri diren 2.800 lanpostuak ez direla nahikoak adierazi zuten.
Adierazi zutenez, propagandaren «adibide garbia» da Osasun Sailetik iragarri den «estabilizazio tasa». «Beste behin ere, komunikabideek gurekin negoziatu gabeko gaien berri dute. Gainera, azpimarratu behar dugu iragarritako 2.800 plazak ez direla nahikoak 24.000 aldi baterako langile dituen plantilla batean», langileen %58 alegia.
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan lau greba egun izan ondoren, eta maiatzaren 16rako Osakidetzako ospitaleetan eta Osasun Mentaleko sarean deituta dagoen greba deialdia ate joka dela, sindikatuek salatu zuten gaur-gaurkoz Osakidetzak ez duela «gure aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu». Sindikatuen iritziz, «onartezina» da Lakuak 2021eko ekitaldian 605 milioi euro aurreztu dituela «harro» adieraztea, eta, bien bitartean, Arartekoak herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuari buruz jasotako kexen kopuruak gora egin duela adieraztea.
Osasun Sailak negoziatzeari «uko egitea» kritikatu zuten sindikatuek, eta negoziatzeko borondatea berretsi bazuten ere, Osakidetzari ohartarazpen argia egin zioten: «eskatutako norabidean pausorik ez bada, mobilizazioekin jarraitu eta ez gara mahai sektorialera itzuliko».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
