Alaia SIERRA
BILBO

Fant zinemaldiak film laburren balioa aldarrikatuko du 13 euskal ekoizpenekin

Gaurtik maiatzaren 14ra bitartean egingo da Fant Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioa Bilbon. Fant Laburrean atalean euskal ekoizpeneko hamahiru film labur lehiatuko dira, lan luzeek bezala horiek ere balioa badaukatela aldarrikatzeko. Gaurko irekiera ekitaldian ikusi ahal izango dira sorkuntza guztiak.

Fant Laburrean atalaren barruan lehiatzen diren hamahiru filmak gaur ikusi ahal izango dira Fant Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioaren irekiera ekitaldian, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Horren bitartez film laburren aldeko apustua egitea eta bertako zinemagileak babestea da helburua.

Aurten hautatutako film laburrak honakoak dira: “Au pair”, David Perez Sañudorena; “Calma”, Jon Lopez Martinek zuzendutakoa; “El Carne”, Xabi Vitoriarena; “Carnivoro”, Lander Castrok zuzendua; “El Cometa”, Aitor Elorriagarena; “Los días que (nunca) fueron”, Kevin Iglesias Rodriguez eta Pedro Riverorena; “Haraindiko”, Alaia Sedano Tobarrek zuzendutako lehenengo lana; “Hikikomori”, Borja Crespok zuzendutakoa; “Pasaia”, Xanti Rodriguezena; “Pleasewait”, Iñaki Reynarena; “Rewind”, Amaia San Sebastianena; “Spiricom”, Jon Herrerorena, eta “Txoriak txori”, Nytia Lopezek zuzendua.

Horiek guztiak hiru sari desberdin irabazteko hautagaiak dira: film labur onenaren saria, 3.000 eurokoa; euskal film labur onenaren saria, 2.000 eurokoa, eta publikoaren saria, beste 3.000 eurokoa. Halaber, Euskal Aktoreen Batasunak lan horietako antzezpen onenari Ohorezko Saria emango dio.

Fantasiazkoak diren arren, askotariko gaiak lantzen dituzte pelikula horiek. Alaia Sedanok zuzendutako “Haraindiko” lanak, esate baterako, Euskal Herriko mitologia dauka erdigune eta Nytia Lopezen “Txoriak txori” JoxAnton Artzeren poemaren «atzealde ilun» bat da, zuzendariaren hitzetan.

Justo Ezenarrok, Fant zinemaldiko zuzendariak, film laburren alde egindako lana azpimarratu zuen. «Askok uste dute film laburrek ez daukatela mezu bat helarazteko behar besteko ahalmenik, baina gai konplexu bat lantzeko aukera ematen dute». Ibilbide bat duten egileak ez ezik, zinemagintzan hasi berri diren egile gazteak kontuan hartzea garrantzizkoa dela ere nabarmendu zuen zuzendariak.

Eskarmentudunen artean Pedro Rivero dago, “Los días que (nunca) fueron” laburraren zuzendarietako bat. Atzo prentsaren aurrean adierazi zuenez, «konfinamenduari buruzko istorio bat da, baina modu berezian kontatutakoa, ez duelako birus bat ardatz. Batez ere beldurra da gai nagusia, askotarikoa da eta».