GARA
DONOSTIA

Teresa Catalanek jaso du Eusko Ikaskuntzaren sari nagusia

Aurtengo Eusko Ikaskuntzaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Teresa Catalan konpositoreari eman diote, bere ibilbidean zehar lortutako merituengatik. «Talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa» duela azpimarratu du epaimahaiak. Gazte Saria, berriz, Imanol Zubiauz Arte Ederretan doktoreak eskuratu du, «Pidgin» proiektuari esker.

Teresa Catalanek eskuratu du Eusko Ikaskuntzak Laboral Kutxarekin batera ematen duen Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2022ko saria. Catalan konposizio garaikideko egile garrantzitsuenetako bat da Euskal Herrian. Gainera, egitate musikalaz duen ikuskeragatik eta kulturarekin duen konpromisoagatik, erreferentea da etikan eta irakaspenean, epaimahaiaren esanetan. Sortzaile gisa, «talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa» lortu duela azpimarratu zuten atzo sariduna iragartzean.

Konposizioko lehenengo emakume katedraduna izan da Estatu espainoleko musika hezkuntzaren historian, eta hainbat musikari belaunaldi trebatu ditu etengabeko bilaketan, hobekuntzan eta lanbidearen zehaztasunean. Hori dela eta, haren katedra erakargarritasun handikoa izan da era guztietako ikasleentzat.

Era berean, konpositore eta irakasle gisa musikari eskaini dion dedikazio multiforme eta askotarikoagatik nabarmentzen da. Jarduera asko eta asko sustatu ditu sorkuntza garaikidea zabaltzearen alde, ikasle eta lankideen lana barne. Betiere interes kolektiboa distira pertsonalaren aurretik jarrita.

Azkenik, sariaren epaimahaia osatu duten zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek, azpimarratu nahi izan zuen sarituak konposizioan, hezkuntzan, sustapenean eta kudeaketan egin duen ibilbide luzea; izan ere, «eskarmentu horrek ikuspegi pribilegiatua eman dio, kulturak eta, zehazki, musikak hazkunde pertsonalerako eta bizi-kalitate kolektiborako duen garrantziari buruz. Nafarroako Kulturaren Kontseiluko partaide izanik, agerikoa da Teresa Catalanentzat kulturarekiko konpromisoa gure gizartearekiko konpromisoa dela».

Euskara-islandiera

Gazte Saria, berriz, Arte Ederretan doktore Imanol Zubiauz 32 urteko Zumarragako gazteak lortu du, “Pidgin” proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.

Ikerketa artistiko, antropologiko, identitate eta memoria kolektiboarekin loturiko proiektua da “Pidgin”; izan ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun-komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntza berri eta sinpleari.

Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, bi kulturetako herritarrek euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. «Horren adierazle, aurkitutako 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude», argitu zuen epaimahaiak.

Euskararen erabilera islandierarekin sortutako hizkuntza berrian eta itsas kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak eta bere ikerketak aitzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreprodukzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta berariaz sortutako euskarrietan aditzera emango da. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman gogora ekarriko du. Sariari esker, lana egiteko 6.000 euroko ordainsaria jasoko du Zubiauzek.

Epaimahaiak artista gaztearen formakuntza zabala eta ibilbide artistiko oparoa azpimarratu zituen: Arte Ederretan doktoretza egitean, cum laude aipamena jaso zuen 2020an. Irakaskuntza Ikasketak ere baditu eta egin dituen ikerketekin hainbat argitalpen idatzi ditu.