GARA
BERANGO

Alconza enpresak kaleratutako langileak berriz har ditzan epaitegietara jo du ELAk

Berangoko Alconza enpresak eta Irizar taldeak kaleratutako 25 langileak berriro lanean onar ditzatela eskatzeko salaketa aurkeztu du ELAk epaitegietan. Sindikatuaren ustez, enpresako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dute «inolaz ere justifikatzen hartutako neurria».

ELAk dioenez, alde batetik, enpresak ez ditu Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete. «Besteak beste, ez dira adierazi langileen gaineko eraginen irizpideak. Are gehiago, kaleratuak izan diren langileak kaleratzeen aurkako greba egiten ari diren langileak dira, kanpo geratu direlarik greban parte hartzen ari ez diren langileak». ELAk azaldu duenez, alderdi hori bereziki azpimarratu du lan agintaritzak enplegua erregulatzeko espedientearen izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.

Bestalde, Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak uste du Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dutela «inolaz ere» justifikatzen hartutako neurria, eta salatu du enpresaren jabe den Irizar Taldeak ez duela parte hartu Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei aurre egiteko «adostutako konponbide ez traumatiko baten bilaketan».

Alconzako langileek 60 egun daramatzate dagoeneko greba mugagabean aipaturiko kaleratzeen aurka, eta mobilizazio ugari ere egin dituzte kaleratzerik gabeko irteera bat eskatzeko. Gasteizko Parlamentuari ere eskatu diote laguntza Alconzako langileek.