GARA
ARETXABALETA

«Salbuespen legediarekin amaitzeko kilometroak» metatu ditu Sarek

«Etxera bidea gertu!» lelopean eta Sarek deituta, «bizikidetzaren, bakearen eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesuaren aldeko kilometroak» pilatu zituzten atzo ehunka herritarrek hamabost herritan. Urriak 8ra bitarte «urratsak egiten jarraitzeko» deia egin zuen Sarek. Erronka, 3.127.326 kilometro egitea, Euskal Herrian dauden biztanle adina.

Urriaren 8an Sarek amaitutzat emango du duela bi urte ezarri zuen erronka: 3.127.326 kilometro egitea «bizikidetzaren, bakearen eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesuaren alde». Eta behin Euskal Herrian dauden biztanle adina kilometro eginda, musika jaialdi baten bidez ospatuko du Sarek.

Atzo 15 herritan bildu ziren herritarrak kilometroak batzen jarraitzeko, “Etxera bidea gertu!” lelopean. Aduna, Amasa-Villabona, Andoain, Asteasu, Lasarte-Oria, Usurbil, Zizurkil, Orio eta Zarautzetik abiatu ziren taldeak Orion elkartu ziren bazkaldu eta arratsaldeko ekitaldietan parte hartzeko. Anoeta, Ibarra, Lizartza-Txarama eta Alegiatik abiatuta ere egin zituzten kilometroak, gero guztiak Tolosan bat eginez. Aretxabaletan ere jarri zuten beren alea ibiltariek.

Azken bi urteotan Izan Bidea aplikazioan banaka edo taldeka egindako urratsak erregistratu dituzten herritarren ekarpenak eskertu zituen Sarek atzokoan, eta urrira bitarte «urratsak egiten jarraitzera» animatu zuten gizartea. «Izan ere, erronka honen bitartez, euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe politika bertan behera uzteko herri honek duen nahia adierazi nahi dugu mugimenduaren bitartez, aktibazioaren bitartez, kilometroak eginez».

Ildo horretan, Sarek nabarmendu zuen «azken bi urteotan espetxe politikaren barruan aldaketa garrantzitsuak» eman direla. «40 urte luzez ezarritako urruntze politikarekin amaitzen hasiak gara eta isolamendua eta lehen gradua iraganean geratu dira. Lorpenok urte hauetan guztietan egindako lanaren eta kalean bildutako herritarren bultzadaren fruitua dira, eta, horregatik, eskerrak eman eta bide honetan urratsak egiten jarraitzeko eskatu nahi dizuegu».

Hala ere, Sarek ez zuen ahaztu oraindik ere «bide luzea» dagoela aurretik. «85 dira oraindik Euskal Herritik kanpo dauden euskal presoak, hirugarren gradua eta baimenak eskuratzeko bidea oztopoz josia dago eta gaur-gaurkoz gutxi dira progresio hori eskuratzea lortu dutenak, oraindik larriki gaixo diren 19 preso daude espetxean eta gurasotasunak espetxean zailtasunez beteriko aukera izaten jarraitzen du».

Horrenbestez, «gainditu beharreko trabak» oraindik «asko» direla nabarmendu zuen Sarek. «Baina bidea hasia dugu, arrakalak zabalik dira hormetan, eta etxeratze prozesua inoiz baino egingarriagoa da, orain arte moduan lanean eta urratsak egiten jarraitzen badugu». Sarek nabarmendu zuenez, «kalean gaude, aktibo, mugimenduan, ezberdinen artean akordioak eginez, esperientzia eta bizipen kontrajarriak izan ditugunon artean hitz eginez, batuz, enpatia ariketa sendoak garatuz... Elkarbizitzarako eta bakera bidea egiten ari gara, salbuespen neurriak salatuz eta legedi arrunta exijituz, euskal presoei dagokien etxerako bidea egiteko ateak zabaltzen ari gara».

Aske da Josu Urbieta

Mont-de-Marsaneko espetxean bete zuen atzo zigorra Josu Urbieta Alkorta azpeitiarrak. Estatu espainolera eramana izan ondoren aske utzi zuten eta etxerako bidea hartu zuen. Hamabi urtez preso izan dute Urbieta, azken lau urteetan Mont-de-Marsanen (hara Poitiersetik lekualdatu zuten, Raul Aduna eta Jon Salaberriarekin batera).

Urbieta libre gelditu ostean, Mont-de-Marsaneko kartzelan euskal preso bat baino ez da gelditzen, aste gutxi batzuetarako gainera. Xabier Goienetxea Lannemezanera eramana izan ondoren, maiatz amaieran zigorra beteko duen Ekaitz Sirvent da uneotan Mont-de-Marsaneko espetxean dagoen euskal preso bakarra.