Etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiborako aurreneko pausua
LABek EAEko etxeko langileek hitzarmen kolektiboa izan dezaten negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu zuen atzo Lan Harremanen Kontseiluan. Confebask patronalari eta gainontzeko sindikatuei «premiazkoa eta beharrezkoa» den hitzarmena adosteko eskatu zien. Hitzordua, ekainaren 9an.

‘‘Hitzarmena orain. Trabajadoras del hogar en lucha. Convenio ya!” zioten afixak eskuartean hartuta elkartu ziren atzo Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, etxeko langileak. Barruan, hitzarmen kolektiboa izan dezaten negoziazio mahaia irekitzeko eskaera erregistratu zuen LAB sindikatuak.
Ane Escondrillas LABeko kideak azaldu zuenez, eskaeraren bidez Confebaskek patronal gisa duen ardura bere gain hartzea «exijitzen» dute. Izan ere, etxeko langileen sektorean ez dago patronal espezifikorik osatuta Escondrillasek zehaztu zuenez. Halaber, eskaeraren atzean bi urte eta erdiko prozesua dagoela gogorarazi zuen LABek eta, gainerako sindikatuekin hitz egin eta guztiei proposamena helarazi ondoren, erantzun «positiboak» jaso dituztela baieztatu zuen Escondrillasek.
Babesgabe
Mariana Urcuyo etxeko langileak erregistroa egin ondoren adierazi zuenez, «etxeko eta zaintzako langileen sektoreko kideok ez dugu inolako babesik. Hitzarmen bat izateak ez luke soilik gure lan bizitza hobetuko, bizitza pertsonala eta familiarra ere hobetuko luke». Horrekin ados agertu zen Melissa Andrade langilea ere: «Urrats oso garrantzitsua da guretzat. Aitortza jasotzeko eskubidea dugula erakusteko garaia da».
Behin erregistroa Lan Harremanen Kontseiluan eginda, Confebaskek negoziazio mahaia ekainaren 9an biltzeko jakinarazpena jasoko duela azaldu zuen LABek. Langileen funtzioen definizioa eta segurtasun neurriez gain, hitzarmen kolektibo egitasmoak hainbat proposamen jasotzen ditu, besteak beste: urteko aparteko bi ordainsari bermatzea; aparteko orduak ordaintzea; lantokietan indarkeria fisikoa, sexuala edota psikologikoa gertatuz gero prebentzio neurriak eta zigorrak ezartzea; senideei laguntzeko, kontsulta medikoetarako, heriotzagatik, eszedentziagatik eta abarrengatik ordaindutako lizentziak benetan betetzen direla egiaztatzea; edota diziplina araubidea betetzea.
«Hitzarmen hau errekonozimendu sozial bat baino gehiago da guretzako, emakumeon eta langileon historia aitortzea da. Ezin dugu dena ia dohain egiten jarraitu, babesa ematen diguten eta gure lana aintzat hartzen duten baldintzak izan behar ditugu», azpimarratu zuen Urcuyok.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
