Familiek Nafarroako 0-3 Plataformaren eskaerak babestu dituzte

Hainbat familia Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduaren aurrean bildu ziren atzo, Nafarroako 0-3 Plataformaren aldarrikapenik bat egiten dutela argi uzteko asmoz. Carlos Gimeno kontseilariari «negoziazio mahaia eta haur eskola duinak sortzea» exijitu zioten.
“Gimeno escucha, el 0-3 en lucha” eta “Ratioak jaitsi, soldatak igo” oihuen artean, 0-3 Plataforma «Nafarroako gizarteak kalitatezko hezkuntza publikorako eskubidea bermatua izan dezan borrokan» ari dela gogoratu eta grebalarien aldarrikapenekin bat egin zuten familiek, «enpatia dugun pertsonak garelako eta langileen arrazoiak ulertzen eta babesten ditugulako». Langileek aurreko astelehenean abiatu zuten greba, ratioak jaistea eta soldatak igotzea eskatzeko. Era berean, «benetako borondatea» eskatzen dute 0-3 zikloak «merezi duen garrantzia» izan dezan. Hasiera batean bederatzi haur eskolatako langileek hasi zuten protesta, eta dagoeneko herrialde osoko 59 batu dira grebara.
Familien ordezkariek azaldu zutenez, «zientziak aspalditik nabarmentzen du pertsonen bizitzako lehen urteetan esperientziek eta zainketek duten garrantzia, eta haur hezitzaileek, gure txikiak haien esku uzten ditugunean, hori argi dute». Egiten duten lan hori guztia, gainera, «baldintza itogarrietan» egiten dutela salatu zuten, baita Europako ratio altuenak dituztela ere.
«Guk, jakina, eskerrak eman nahi dizkizuegu hezitzaileoi, zuen laguntzagatik, eta zuen borroka babesten jarraituko dugu. Ahal dugun oro animatuko dugu zuen borrokarekin bat egitera», nabarmendu zuten haur eskoletako umeen familiek.
Horregatik guztiagatik, langileak ordezkatzen dituen erakunde instituzional bat egon arte, lan gatazka honetan 0-3 Plataforma «solaskidetzat» hartzea nahi dute familiek. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuari negoziazio mahai bat sortzeko eskatu zioten, behingoz «haur eskola duinak» sortzea helburu izango duena.
0-3 Plataformako kideek atzo azaldu zutenez, dagoeneko Nafarroa osoan zehar 30.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte euren aldarrikapenen alde. Atzo horiek Hezkuntza Departamenduan entregatu nahi izan zituzten, «baina ez dituzte jaso nahi izan». Astean zehar egingo dutela aurreratu zuten.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
