Maider IANTZI GOIENETXE

Korrika akuilu, euskararentzat gune erosoak zabaltzera dator Euskaraldia

Lehendabizikoz, urte berean egokitu dira Korrika eta Euskaraldia, eta euskararen aldeko lasterketan ikusi den herri gogo indartsu hori datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean eginen den ariketa sozialean ere biltzea espero dute. Orain izanen da hasiera; herriz herri batzordeak aktibatzen ari dira, ahobiziek, belarriprestek eta mota guztietako entitateek egunerokoan zer hizkuntza ohitura aldatu nahi dituzten gogoetatu eta erronkak bete ditzaten.

2022 hitzaren eta ekintzaren urtea izanen zela iragarri zuten urte hasieran Korrika eta Euskaraldiko arduradunek, eta ideia hori berretsi zuten atzo Donostian elkarrekin egindako agerraldian. Adierazi zutenez, pandemiak eragindako etenak inoiz baino nabarmenago agertu du euskararen normalizazioak jendartearen aldekotasun eta bultzadaz gain, hiztunen praktika berriak eta era guztietako erakundeen pauso sendo eta zehatzak ere behar dituela.

Horregatik, duela hilabete bukatu zen Korrika gogoangarriak utzi duen aktibaziorako olatua euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta mintzatzeko gune erosoak zabaltzen urratsak egiten jarraitzeko baliatu nahi dute. Lekukoa Euskaraldiak hartu du orain, heldu den udazkenean, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, ariketa soziala egiteko, “Hitzez ekiteko garaia” leloarekin.

Baina horren aitzinetik, Garazi Azkue Otegi Euskaraldiko lan taldeko kideak GARAri azaldu zionez, berebizikoa izanen da prestaketa lana. «Norbanako eta entitateek hizkuntza ohiturak aldatu edo sendotzeko pauso gehiago ematea nahi dugu. Helburua da euskararen erabilera sustatzea, oinarri batzuekin: lehen hitza euskaraz egitea, dakitenekin une oro euskaraz aritzea eta elkarrizketa elebidunak ere bultzatzea. Horiek baliatuta, erabilera areagotzea da xedea».

Hori lortzeko, bakoitza bere erronkez hausnartzera gonbidatuko dute, hau da, ohiturak zertan aldatu nahi dituen gogoetatzera. Demagun euskaraz lehen hitza egin nahi duzula saltoki handietan. Edo orain arte erdaraz mintzatu zaren lankidearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatu. Entitateekin gauza bera, egunerokoan zer aldaketa sustatu nahi dituzten gogoetatzera animatuko dituzte, erabileran pausoak emateko.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa izanen da hau, eta Azkuek agertu zuenez, lehenengo urtetik jabetu dira prestakuntzaren garrantziaz. Ariketa eraginkorra izateko eta eroso eta kontziente egiteko bidea ematen du prestatzeak, eta irailetik aurrera askotariko bitartekoak eskainiko dituzte: pilula txikiak, ikastaroak, aholkuak… «Modu askotara zabalduko dugu erronkak erdiesteko nola jokatu».

Lehen urtea da Korrika eta Euskaraldia urte berean tokatu direna. Orain ari dira Euskaraldiko batzordeak eratzen, lehenengo bilera eta aurkezpenak egiten, eta herri ugaritan, bereziki txikietan, Korrikako batzordeetako jende bera ari da mugitzen. «Korrikan ikusi den gogo hori, kalera atera eta eragiteko, Euskaraldian ere egongo dela uste dugu».

Maiatzaren 18an, 2020an parte hartu zuten hainbat entitatek Euskaraldiak eurentzat izan duen garrantzia azalduko dute eta lorpenak erakutsiko dituzte. Horrekin batera, partaidetza berresteko edota izena emateko aukera zabalduko da. Ariguneak sortzea izanen da parte hartzeko modua, aurreko edizioan egin zen bezala.

Ekainean, abestia aurkeztuko dute, eta, irailaren 28an, berriz, belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko epea irekiko da.

Korrika gogoangarria

Donostian bertan Korrika amaitu zenetik hilabete betetzear dela, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaileak gogora ekarri zuen 22. edizioa egitea bera helburu bat zela. Euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzea, eta, horren aurretik, batzordeak osatu eta herrietan ekintzak antolatzea. «Oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako, eta, zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen ‘herri gogoa’ zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea», agertu zuen.

Bi ekimenak zinez erabakigarriak direla azpimarratu zuen, «euskararen dinamika soziala hauspotzeko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean pauso sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko».

Korrikaren 22. edizio jendetsu eta gogoangarria aurten antolatuko diren gainontzeko ekimenetarako akuilu izanen dela erran zuen Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. «Euskaraldiak horretan ekarpena egin nahi du, eta aurten, belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea ere eskatuko zaie».

Herritarrak batzordeetan partaide aktibo izateak duen garrantziaz ohartarazi zuen Maddi Juanikorena Donostiako batzordeko koordinatzaileak, eta horretara animatu zituen. «Azken bi urteetan batzordeen eta euskalgintza antolatuaren lana normaltasunez garatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea funtsezkoa izango da».