Lankidetu eta egokitu; orainaldiko premisa, etorkizuneko berme
Elkar taldeak berrogeita hamar urteko ibilbidea betetzen du aurten, eta urteurren borobila argitaletxeen paradigma erabat desberdinarekin batera dator. Historikoki egindako berrinbertsioaz gain, lankidetza eta egokitzapena ezinbesteko zutabe ditu taldeak etorkizunari aurrez aurre begiratzeko, banaketa zutabe nagusienen artean kokatuta.

Gaur egun Elkar gisa ezagutzen den taldeko lehen urratsetaraino iristeko 60ko hamarkadara atzera egin beharra dago . Garai haietako etxez etxeko salmenta xaloa izan zen abiapuntu nagusia, Joseba Jaka gazte batek abiatu zuena. Etxetresnen salmentekin lehenengo, eta erlijio liburu eta entziklopediekin ondoren. Gaur egun Euskal Herriak duen argitaletxe nagusienaren hastapena izan zen, gerora etorriko zenaren zantzurik izan gabe. Gutxira batu zituen Goio eta Jon anaiak, eta haiekin batera sortu zuten Zabaltzen talde aitzindaria.
70eko hamarkadan sartuta, euskalgintzaren inguruak hauspoa eman zion bere buruari. Ikastolen abiatzea bor-bor zen, euskal sorkuntzak urrezko aro bat bizi zuen eta kultura amaitzear zen diktaduraren aurkako erreminta oso baliotsua zen. Esku-hartu beharra zegoen. Ikastolek zuten materialaren beharra ikusirik, eta Gordailu taldearekin egindako akordioari esker, euskarazko lehen testuak argitaratu ziren. Horretarako, Jaka anaien mezenasgoa baliatu zen. Milioi eta erdiko ekarpena egin zuten proiektua gauzatzeko eta gaur egunera arte iraun duen filosofia oinarrian jarri zen: soldata bat langile bakoitzarentzat, bizitzeko, eta irabaziak berrinbertitu euskara eta euskal kultura sustatzeko.
Ipar Euskal Herrian, bien bitartean, bi proiektu jarri ziren martxan: Elkar argitaletxea eta Zabal liburu-denda eta banaketa. 1972a zen eta mugaz bestaldeko hogei gazte batu ziren garaiko euskal kulturaren egoeraren norabidea aldatzea helburu. Manex Pagola izan zen bultzatzaile nagusia. Bi urte geroago, 1974an, Hego Euskal Herriko beste hogei lagun batu ziren proiektura, tartean, Goio, Jon, Joseba eta Xanti anaiak, Joxemari Sors edo Juan Mari Torrealdai.
Proiektu integrala izatea zen haien helburuetako bat, eskaintza osoa bateratuko zuena. Euskal kultura sustatu eta erdigunera eraman beharra zegoen, baita lurraldetasuna kontuan hartu ere, baina proiektuak integrala izan behar zuen. Argitaletxea, liburu-denda eta banaketa zerbitzuak bateratu behar zituen egitasmoak.
«Hasieratik kate osoa osatu nahi izan genuen», azaldu zuen atzo Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek. «Argitalpenak falta ziren, argitaletxeak falta ziren, baina baita ikusgarritasuna ere. Liburu-dendak sortu genituen horretarako. Ez genuen ekoizpena guretzat bakarrik izatea nahi, Euskal Herri osora zabaldu nahi genuen», azaldu zuen.
Garaiko egoera ekonomiko zailari egin zion erreferentzia Sorsek, baina Elkar taldeak beti izandako independentzia ekarri zuen gogora. «Alderdi eta instituzioekin kolaboratu izan dugu, baina beti hartu izan ditugu gure erabakiak, hori larrutik ordaindu izan badugu ere. Mehatxuak jaso izan ditugu, atxiloketak, baita hiru lehergai ere».
1996an eta 1997an galera handia izan zuen taldeak, Lean Louis Maitia eta Joseba Jakaren heriotzak. «Aurrera nola egin?», horra hor mahai gainean jarritako galdera. Erantzuna azkar heldu zen: «Beti elkarlanean». Hala, 1996an Elkar Fundazioa osatu zen.
Paradigma berria
Elkar taldeko buru den Mikel Esnalek eman zituen estrategia ekonomikoarekin lotutako azalpenak. Berriki Adunan kokatutako instalazio berriak estreinatu dituzte. Arrazoi nagusia, banaketaren alorrean puntan aritzeko beharrezkoa den biltegi nagusi bat izatea. Euskarriak, irisgarritasuna, kontsumo erak... aldatu egin dira argitaletxeen alorrari dagokionez. Horrek paradigma erabat aldatu du azken urteetan eta horrek estrategia berriak bilatzera eraman du taldea. «Erronka berriak gainditzeko lankidetza eta egoera berrira egokitzeko gaitasuna izango dira oinarriak», ohartarazi zuen Esnalek.
Azken urteetan Elkarrek banaketaren alorrean apustu garbia egin du, ez soilik Euskal Herrian, Estatu mailan baizik. «Banaketaren alorrean kontzentrazio prozesu bat gertatzen ari da eta Elkar, aldaketa horretan, enpresa traktore bezala postulatu da». Hartara, sinergia berriak sortze aldera, Estatu osoan banaketak egiten jarduten du Elkarrek, eta Adunako egoitzak behar horri erantzuten dio. Hamabi milioi euroko inbertsioa egin da horretarako, sei milioi baliabide propioekin eta beste sei, maileguekin. 30.000 metro koadroko orubetzarra euskal kulturaren beharrei ez ezik, Estatu osorako banaketa azkarra eta eraginkorra egitea ere ahalbidetzen duen jarduna bermatzeko. Adunatik 9-10 milioi ale zerbitzatzen dira urtean Estatu osora.
Kultura, erdigunera
Elkar argitaletxeko zuzendari Olatz Osa aldaketa horiez mintzatu zen, euskal kultura ardatz hartuta. «Bost hamarkadatan gauzak asko aldatu dira, baita negozio eredua ere, eta ezinbestekoa da egokitzea». Baina, bere aburuz, bada konstante bat aldatu ez dena: «Unean uneko gizarteari begiratu eta dauden indarrak, premiak eta erronkak identifikatzen jarraitzen dugu eta kulturaren bitartez horiei aurre egiteko baliabideak jartzen jarraitzen dugu».
Konpromisoan datza oraindik Elkarren jarduna. «Geurea kultur proiektu gisa definitzen dugu. Ez da soilik titulu batzuk argitaratzea, baizik gizarteko auziak identifikatu eta erantzuna ematea. Kultura ez da entretenimendu hutsa, hazten gaitu, hezten gaitu, gizarte askeago bat izateko balioak ekartzen ditu».
Zifra batzuk ematearren. Elkarren katalogo historikoan (azken 50 urteotan argitaratutako tituluak) 8.000 liburu eta 2.000 disko ageri dira. Katalogo bizian, hau da, eskuragarri dagoen horretan, 4.000 dira liburuak eta 800 diskoak. 3.200.000 euroko inbertsioa egiten da urtero taldeko ekoizpenetan eta 3.500.000 euro bideratzen dira Ikastolen Elkartearekin batera sortutako Ikaselkar proiektura, euskal curriculuma erdigunean jarriz.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
