Maddi TXINTXURRETA
EAE-KO HEZKUNTZA ITUNA

HEZKUNTZA ITUNA, «ARDURA ARIKETA» BAT OINARRIAN ELKARTZEKO

EDUKIAZ LANDA, HEZKUNTZA ITUNA ADOSTEKO PROZESUAREN GARRANTZIA NABARMENDU DUTE HITZARMENA BABESTEN DUTEN LAU ALDERDIETAKO ORDEZKARIEK. LORTUTAKO ADOSTASUNA EZ DELA INORENA DIOTE: DENEK UTZI DUTE ZERBAIT ATZEAN OINARRIAN BAT EGITEKO. ETA BADIRA PAUSO SENDOAK HAIEN USTEZ, SEGREGAZIOAREN AUZIAN KASU.

Etorkizuneko Hezkuntzaren Legea izango denaren oinarriak lau alderdiren artean eta herritarren parte hartze prozesu mardul baten ostean adostea demokraziari bide ematea dela nabarmendu zuten atzo ituna babesten duten alderdietako ordezkariek. Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Ikoitz Arrese (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU) EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideak, batzordeko Zelai Nikolas legegilearekin batera, EHU/UPVren Bilboko Hezkuntza Fakultatean izan ziren “Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa” hizpide. Ohikoa ez den adostasun horretara iristeko prozesuaz eta itunaren edukiaz aritu ziren unibertsitate publikoak gonbidatuta.

Ikasle, irakasle eta dekanoen aurrean Hezkuntza Ituna lortzeak duen balioa azpimarratu zuen Hezkuntza Batzordeko legegileak, hain justu, legebiltzar batek egin behar duen hori izan duelako ardatz: gizarteko eragileen parte hartzea. Horrela, «lortu da hezkuntza komunitatea identifikatzea eta espazio bat eskaintzea gogoeta partekatu bat egiteko eta, ondorioz, akordio zabal bat etorkizuneko Hezkuntza Legeari zilegitasuna emango diona», esan zuen. Gainera, Nikolasen ustez, meritua handiagoa da kontuan hartzen bada testuingurua, «demokraziaren krisi sakona» bizitzen ari baikara bere esanetan eta, ondorioz, baita legebiltzarrena ere.

Hezkuntza akordioa 90 eragilerekin bildu ostetik ondu dute alderdiek. Inorena ez den ituna, Jose Antonio Pastorren hitzetan: «Ez PSErena, baina ezta EAJrena, EH Bildurena edo Elkarrekin Podemosena ere. Denok utzi ditugu gauzak atzean, oinarri bateratu baten mesedetan».

Adostasunaren balioa aldarrikatu zuten Gasteizko Legebiltzarreko alderdi nagusietako ordezkariek. Hezkuntzak behar zuela esan zuen EH Bilduko Ikoitz Arresek. «Nahi genituen adostasun guztiak lortu ez ditugun arren, ardura ariketa bat egin dugu herri akordio batera iristeko. Egin zezaketen soilik EAJk eta PSEk, gehiengoa dutelako, baina hezkuntzak akordio zabala merezi zuen», nabarmendu zuen. Izan ere, Arreseren hitzetan, hezkuntza komunitatea ez da gai izan azken hamarkadan aliantzak sortzeko, «Legebiltzarra bai».

Koalizio subiranistaren legebiltzarkidearen hitzetan, gainera, adostu den Ekintza Planak ahalbidetuko du datozen hamabi urteetan itunak markatuko duen bide orria zigilatzea, edozein dela ere gobernuan dagoen alderdia. Hori baita, Leixuri Arrizabalagaren ustez, egungo ereduaren arazo nagusietako bat: «Ezin da onartu gobernu aldaketa bat dagoen bakoitzean hezkuntza eredua aldatzea. Horrela ez da hezkuntzaren esparrua errespetatzen».

Oinarrizko akordioa mahai gainean, «orain konplikatua dena da hau lege bihurtzea», ohartarazi zuen Iñigo Martinezek. Gutxieneko berme bat ere aipatu zuen: «Ea Gobernuak erantzukizunarekin kudeatzen duen akordioa».

Edukia eta esanahia

Akordioaren edukiaren inguruan hitz egiteko tartea ere izan zuten legebiltzarkideek. Dena ezin aletu, baina kideek bat egin zuten esaterakoan Hezkuntza Itunak zenbait neurri garrantzitsu jasotzen dituela, nagusiki, segregazioaren kontrako borrokan, ikasle guztien arteko aukera berdintasunean eta eskolen autonomian.

Eskola publikoen eta pribatuen konbergentziari eutsi zion, ordea, EAJko ordezkariak, beste taldeetakoek ez bezala. «Itunak aitortza egiten dio sare publikoari, garrantzitsua da, baina gure gizartearen errealitatea ere jasotzen du. Aspalditik ari dira bi sareak elkarbizitzen. Borroka publiko-pribatua alde batera utzi behar dugu eta uste dut akordio honek hori gainditzen duela», agertu zuen Arrizabalagak. Iñigo Martinezek, ordea, ordezkatzen duen koalizioaren iritzi irmoa berretsi zuen, hezkuntza sistemak %100ean publikoa izan behar duela esanez.

Euskararen arloan lortutakoa azpimarratu zuen, bere aldetik, Ikoitz Arresek, gogora ekarriz itunak jasotzen duela ikasle orok, edozein jatorri duela eta edozein ikastetxetan ikasten duela, euskarazko B2 maila lortuko duela.

Hezkuntza Itunak EAErentzat zer esan nahi duen ez dute alderdi guztiek berdin irakurtzen. «Baliteke hemen eskuinean dudan kidearentzat [Leixuri Arrizabalaga] akordio hau izatea urrats osoago bat, edo ezkerretara ditudan bientzako [Jose Antonio Pastor eta Iñigo Martinez] publifikazioari atea irekiko dion akordio bat. Guretzako, abiapuntu bat da, amesten dugun sistema burujabe baten norabidean», esan zuen Arresek.