Jon ORMAZABAL
BURUZ BURUKOA FINALAREN ATARIAN

Aurkariez gain, Ligaxkako ajeak gainditu behar Arenan egoteko

Nahi besteko festarik egon ez bada ere –hiru partida jokatzeke geratu dira eta jendearen erantzuna ez da espero zena izan–, Buruz Burukoaren final-laurdenetako ligaxkak utzi die ajerik, bakoitzari berea, Nafarroa Arenako lehen finalean egoteko lehiatuko diren lau pilotariei. Esaterako, Jaka da partida denak jokatu dituen bakarra.

Nekez ekiten dio kirolari batek, pilotari batek kasu honetan, bere erronkarik handienari %100ean. Kolpeek, minek, oinazeek, beldurrek, tentsioak... koktel berezia osatzen dute, bakoitzak ahal bezala kudeatzen duena. Aurtengo Buruz Burukoak traba estra bat izan du, partiden pilaketa baino, asteroko jipoi fisiko eta mentaletik errekuperatzeko astirik eza. Bakoitzari berea, ligaxkak ajea utzi die Altuna, Laso, Ezkurdia eta Jakari, eta partidak jokatzen hasten diren material aukeraketetatik martxan dira bakoitzaren ahultasunak ezkutatu eta aurkaria lausengatzeko «poker partidak». Laurek dute kezkarako motiborik, baina baita Nafarroa Arenan jokatuko den lehen finalean egoteko arrazoirik ere.

Atsedenerako betarik gabe, Jokin Altuna eta Unai Laso iazko udatik dabiltza elkarren aurka exijentzia maila goreneko partidak jokatzen, bai udako ferietan bai kaiolako edo Binakako finaletan. Klasiko izateko bidean doan lehia Bilbon, baina finalerdietan heldu da Buruz Burukoan eta biak helduko dira arrazoi fisikoengatik ligaxkako partida bati uko eginda. Nafarrak asteartean egiaztatu zuen bizepsa jokatzeko prest duela; Zabaletak jasan behar izan zuen, ordea, Altunaren ezkerra ere gaiztakeriak egiteko moduan dela. Udan biak behar ditugu eta oporretara, txapelarekin edo gabe, baina osorik hel daitezela behintzat.

Eibarren kontraste latza. Lau astetan lau partida jokatu dituen bakarra, Erik Jaka, versus azken bi asteetan jokatzeko egonda atseden hartu behar izan duen Ezkurdia. Batak faltan besteak sobera izan duena.