Jon ORMAZABAL
PILOTA

Enpresak hasi dira udari forma ematen

Buruz Burukoa bere azken fasean den honetan, eskuzko pilota enpresa profesionalak hasiak dira dagoeneko aurtengo udari forma ematen eta, pandemiaren ondorioz izandako azken bi urteetako ezohiko uden ostean, badirudi 2022koak betiko itxura berreskuratuko duela, Iruñeko feriari dagokionez bederen.

Izan ere, Baikok jakitera eman zuenez, hurrengo asteazkenean jarriko dituzte salgai aurtengo sanferminetako feriari dagozkion sarrerak eta Iruñeko festen antzera, zortzi egunetarako iragarri dituzte pilota jaialdiak Labriten, uztailaren 7an lau eta erdiko finalarekin hasita.

Hau da, oraingoz behintzat, San Fermin eguneko finala Nafarroa Arenara eramateko ideia bazterrean geratzen da eta pilota jaialdiek jai eremu nagusian jarraituko dute. Horrek esan nahiko luke, normalean, sei bikotez osatutako binakako feria izango genukeela eta desafioren bat uztailaren 14ko finalaren atarian. Iaz, esaterako, lau bikotek baino ez zuten parte hartu, eta zuzenean finalerdietan sartu ziren.

Iaz hamar aste iraun zuen Caixabank Mastersak hartu zion erreleboa Iruñeko feriari eta aurten ikusteko dago antzeko zerbait egingo duten, hiriburuetako jai eta aste nagusiak bertan uztartuz, edota feria desberdinak antolatuko dituzten, egutegiari lotuta. Buruz Buruko txapelketaren aurkezpenean bankuko ordezkariak zerbait antolatzeko borondatea azaldu zuen, akordioa itxita dago, baina iazko eredua edo orain hiru urte artekoa erabiliko duten zehaztu gabe. Hori bai, uda amaiera Nafarroa Arenan izango dela dirudi.

Atarikoa Artolak Zumaian

Bestalde, sanferminetako lau eta erdiko horri begirako lehen detaileak ere jakin ditugu; esaterako, Baikok kanporaketa aurreko bat antolatu duela maiatzaren 22rako Artola eta Bakaikoaren artean Zumaian.

Egun horretan Buruz Buruko txapelketako hirugarren posturako partida jokatuko dute asteburu honetako finalerdietan galtzaile suertatzen direnek –garaipena garrantzitsua izan daiteke finalistek izan dezaketen balizko edozein arazori begira– eta bertan egingo du Bilboko enpresak bere lehen galbahea. Atentzioa ematen du, nahiz eta modalitate desberdinak izan, Buruz Burukoan bere hirugarren pilotaririk onena izan dena txapelketan zuzenean ez sartzea eta bera baino lehenago kanporatutako batzuk bere aurretik jartzeak.