GARA
GASTEIZ

Barnahus ereduan oinarrituta, urte amaieran irekiko da Haurren Etxea

Sexu erasoen biktima izan diren haur eta nerabeak zein horien familiak modu integralean artatzeko, egoitza berezia zabalduko dute Gasteizen. Barnahus eredu islandiarrean oinarrituta, haurren biktimologian espezializatutako profesionalek emango dute arreta.

Barnahus proiektu pilotuaren lehen Haurren Etxea egingo da Gasteizen eta, aurreikuspenak betetzen badira, urte honen amaieran irekiko ditu ateak. Bertan bildu zen talde eragilea atzo, hedabideen aurrean xehetasun batzuk emateko. Haurren aurkako sexu-abusu kasu edo susmo batean tartean dauden sistema, zerbitzu eta agente guztiek era koordinatuan lan egingo dute, eta arreta haurren biktimologian espezializatutako profesionalek emango dute.

Erakunde eta sail arteko lantalde teknikoa 2021. urtearen amaieratik ari da lanean, Islandiako eredua EAEko eskumenen errealitatera egokitzeko eta inplikatutako sistemen artean (Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Hezkuntza, Justizia eta Segurtasuna) jarduera koordinatuko protokoloak egiteko.

Hego Euskal Herriko lehen Haurren Etxea (Barnahus islandieraz) «espazio eroso, harmoniko, seguru eta lagunkoi bat» izango da, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aditzera eman zuenez.

Helburu nagusia «biktimei eta horien familiei arreta integrala eskaintzea da, testigantza bakarra, zehatza eta osoa lortuz, haurra edo nerabea berriz biktimizatzea saihestuko duena», esan zuen sailburuak.

«Adingabeei ingurune atsegina eta abegitsua bermatzeko», sailburuak zehaztu zuen espazioak «dekorazio egokia eta adin desberdinetara egokitzeko modukoa» izango duela, haurren biktimologian espezializatutako profesionalak izango dituela «haur eta nerabeen hizkuntza erabiltzeko eta kasu bakoitza bere ikuspuntutik ulertzeko gai izango direnak».

Prozesua sinplifikatu

Gaur egun EAEn 600 sarrera puntu daude haurren ustezko sexu indarkeria kasuak detektatzeko eta horiei hasierako arreta emateko. «Haurrak hamar bat zerbitzu edo sistema igaro behar ditu, eta behin eta berriz kontatu behar du bere esperientzia mingarria; horrek bere errekuperazio prozesua zailtzen du eta bigarren mailako biktimizazioaren eta kalte gehigarriaren arriskua areagotzen du», azaldu zuen. Haurren aurkako sexu abusuagatik irekitako hamar kasutik zazpi ez dira epaiketara iristen, frogarik ez dagoelako.

Aldiz, datu horiek hobetzea lortu du Barnahus sistemak. Biktimak bere historia azalduko dio Auzitegiko Talde Psikosozialari, bere adinera egokitutako elkarrizketa aretoetako batean. Norabide bakarreko ispilu baten laguntzaz, epaileak, fiskalak, pertsona ikertuak eta haien defentsak lekukotza bakar, zehaztu eta oso bat hartzeko eta grabatzeko unean izaten dira, aurrez eratutako frogatzat hartuko dena, prozesuko berme guztiekin.