Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Fiskalaren ustez, goizegi da Ion Parot askatzeko

Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalek, kartzelan 32 urte daramatzaten presoek, hitzordu garrantzitsuak dituzte auzitegietan, biek aurkeztu dituzten baldintzapeko askatasun eskaerak aztertuko dituelako Justizia frantsesak. Atzo, Pariseko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Parotek aurkezturiko seigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu zuen. Hilaren 19an, berriz, kasazioan defentsak aurkezturiko helegitea onartua izan ondoren, Esnalen bigarren eskaera aztertuko dute berriz.

Izan ere, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Mureteko kartzelan bertan atzo egin zuen auzialdian, ohiko jarrerari eutsi zion Fiskaltzak. Igande honetan 71 urte beteko dituen Ion Kepa Parot askatzeko «goizegi» dela erran zuen. Zehazki, «presaka harturiko erabakia» hartzea arbuiatu zuen fiskalak.

1990ean atxilotu zuten Ion Kepa Parotek dagoeneko 32 urte egin ditu kartzelan. Bere abokatu Julien Brelek presoaren adina, kartzelaldi luzea eta bizitza egitasmoa aurrera eramateko Parotek bere txostenean aurkeztu dituen bermeak aintzat hartzea galdegin zuen auzialdian. Epaileak ekainaren 15ean jakinaraziko du bere erabakia.

Atzo iragan zen auzialdiaren harira, Bake Bideak Terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren jokabidea salatu zuen, «Euskal Herriko egoera politikoa mespretxatzea» aurpegiratuta.

Urte hasieratik frantziar Gobernua mugiarazteko premiaz ohartarazi dute desobedientzia ekintzak martxan eman dituzten Ipar Euskal Herriko bake eragileek. Iragan otsailaren 18an Baionako Prefeturara eraman zuten beren kexa. Apirilaren 1ean, berriz, Biarritzeko zerga-etxea okupatu zuten, zigor luzeak bete dituzten presoak berehala askatzea exijitzeko. Biharamunean, Urruñatik eta Hazparnetik abiaturiko “barraskilo operazio”-arekin A-63 autobidea blokeatu zuten ordu erdiz, Biarritzeko ordainleku parean. Ekainaren 11rako deitu duten manifestazioaren zain, atzo iragan zen auzia markatzeko elkarretaratzea egin zuten Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Hilaren 19an, hitzordua eman dute Donibane Lohizuneko Luis XIV.a plazan.