GARA
GASTEIZ

Seme-alaba bakoitzeko 150 euro jasotzea proposatu dute

Datorren asteazkenean, EH Bilduk hala eskatuta, Gasteizko Legebiltzarrean erronka demografikoari buruz egingo den osoko bilkuran aurkeztuko dituen bi proposamen iragarri zituen atzo koalizio abertzaleak. Auzia «erdigunean» jarriko dutelakoan, familiek hilero seme-alaba bakoitzeko 150 euroko prestazio unibertsala jasotzea eta 12 urtetik beherako umeentzako garraio publikoa doan izatea planteatuko dute.

Haurrak hezteko prestazio unibertsalaren aferan, «laguntza mota hauek ez dute jaiotza tasa igotzen, baina ongizatea sustatzen dute eta zientifikoki haur pobreziaren kontrako neurri eraginkorrenak direla frogatuta dago», ebatzi zuen EH Bilduko Nerea Kortajarena legebiltzarkideak.

EH Bilduren bigarren proposamena 12 urtetik beherako umeentzat garraio publikoa doakoa izatea da. Horiez gain, prekaritatearen kontrako, etxebizitzaren inguruko, lan banaketa eta lan jardunaren murrizketaren inguruko neurriak planteatuko dituztela jakinarazi zuten prentsaurrekoan.

Asteazkeneko osoko bilkurari begira, Kortajarenak jarrera eraikitzailea izateko eskatu zion Lakuari. «Espero dugu Jaurlaritza ere jarrera eraikitzailearekin etortzea. Ziurgabetasunak nagusi diren garai hauetan pleno monografikoak ziurtasun berriak eskaintzeko eta etorkizuna beste era batera eraikitzeko aukera aparta emango digu», esan zuen legebiltzarkideak.