Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Armazko txertoak, demontrekrazia

Azkenetan gara. Kirol txapelketetan diot; play-offetan edo, nork bere elastikoa. Gure legebiltzarretan ere antzeko, bilkuretan azkenetan; batzuek elastiko, traje gehienek, nork bere buru janzkera, prefosta! Nafarroakoan, kasuko, hezkuntzan erlijioaren alde egin dutela ikusi dut non edo non. Jesus, Maria eta Jose, XXI. mendean eta oraindik Kristoren gose! Gainera, ez edozein erlijio, ez, zein eta katolikoa! Jainkoarren! Gutxi ginen eta amamak ezin abortatu! Amen! Prefostia edo! Erlijio halakoak! Kontuak kontu, hobe lukete erlijioa Ekonomiaren parte sartu hezkuntzan, eta hango apezpikuak eman dezala hasierako hitzaldia, immatrikulazio iraunkorren gobernantzaz, edo. Eta artzapezpikua alboan, Pirinioetako artzaz Biologiarako sarrera eginez.

Azkenetan ez, baizik eta aurrera segitzen dutenak NATO eta OTAN dira, biak zein biak eskutik, Atlantikoa bere jatorrizko ozeanotik aterata, iparra aspaldian galduta. Horra hor ekialderantz zabaltzen ari den pandemia, ekialdetik zabaltzen ari denaren pareko, eskutik ere. Pandemia-parea uztarrian, handinahi-topeka. Plaka pandemikoen talka, tektonikoek beren bidetik segitzen dutela, aske. Pandemia-aro berritu honetan arma-enpresek hartu dute aurrekoan farmazialariek hartutako lekua. Dosien tamaina da aldatu dena, eta oraingoan banaketa-sistema arinagoa dela, hori ere bai. Total, kolpea gero! Administrazio-kontseiluak berak dira! Armazko txertoak, globalizazioa eta ekonomia zirkularra modu iraunkor batean uztartuta, demokraziaren inperioa nagusitu dadin. Demontrekrazia holakoa, planetako desordena berrian!

Han-horko aliantza militarren eskariari unibertsitate pribatua gerra-berriemaileak prestatzeko master arinak eskaintzen ari den honetan, publikoak lerrokatu gabeko geoestrategian adituak prestatzeko lanean egon beharko zuen, gerora arituak izateko asmoz.