Iñaki Goenaga San Sebastian
Gipuzkoako Enba-ko presidentea
KOLABORAZIOA

Baserritarra naiz eta harro nago

Ixidro deunaren jaia ospatzen dugu gaur eta aitzakia honetaz baliatu nahiko nuke baserritarrok eta baserriak egungo gizartean betetzen dugun eta duten funtzioa aldarrikatzeko eta horien balioa nabarmentzeko.

Aspalditik gabiltza esanaz gure ogibidearen funtzio nagusia elikagaiak ekoiztea dela eta horretan dihardugu buru-belarri gure egunerokoan, elikagaiak ekoizten eta elikagaiak merkaturatzen zirkuitu laburrean nahiz distribuzioaren bitartez, ahaztu gabe bestalde, baserritarrok basoak kudeatuz ekoizten dugun egurra.

Aspaldikoa da ere gure ogibidea ez dela besteak bezalakoa, ez hobea ez okerragoa, ezberdina, berezia, elikagaiak eta egurra ekoiztean, herriaren elikadura osasuntsurako produktuak eta altzariak edo etxegintzarako egurra ekoiztearekin batera, modu banaezinean, natura zaindu eta lurraldea kudeatzen dugulako.

Gure mahaietara iristen diren esnea, eztia, fruta, barazkiak, okela, arrautzak, gazta, sagardoa eta txakolina ekoiztean, lurra zaindu eta elikatzen dugu, lurra emankorra eta eskuzabala izan dadin; belardiak eta basoak kudeatzean gure herriak hainbeste maite duen paisaia moldeatzen dugu; berezkoak diren arrazak eta elikagaiak ekoiztean, biodibertsitateaz gain, Euskal Herriaren ezaugarri nagusietarikoa den gastronomia bermatzen dugu eta eguneroko jardunean natur baliabideekin elkarbizitzan arituz, gure herriarentzat hain beharrezko diren ur, aire eta lurraren zaintzaile lanak egiten ditugu, gizarte osoaren onerako.

Hori horrela izanik ere, baserritarrok elikagaien salmentetatik bizi nahi dugu eta, hortik aurrera, datozen dirulaguntzak ondo leudeke, betiere elikagaiak eta egurra ekoizteaz gain egiten ditugun gizarte osorako onura publikoengatik, eta ez, elikagaien prezioa merkatzeko edo beren balorea gutxiesteko, baina egiari zor, horretarako behar-beharrezkoa dugu gizarte osoaren babesa eta elikagaien katea berrantolatzea, gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa izan dadin.

Gizarte osoaren babesa aldarrikatzean ez gabiltza limosna bila, gizarte osoaren onerako egiten ditugun beste gainontzeko lanen balioa nabarmendu nahi ditugu eta, bide batez, gure bizilagunei eta kontsumitzaileei ohartaraztea, baserritarrak babestuz baserritarrek egindako onura publikoak babesten ari direla, hau da, beren onerako ari direla.

Baserritarrok, umiltasun osoz baina ozen diogu oso harro gaudela baserritarrak izateaz eta egiten dugun lanaz, baina aldi berean ere badiogu berandu baino lehen, garai konplikatuak eta nahasiak bizitzen ari garenez, gizarte osoaren babesa behar dugula.