EDITORIALA
EDITORIALA

Donostian «Erorien Haran txikia»? Ez, eskerrik asko

Gauza jakina zen Erorien Haranean segitzen zutela 30.000 gorpu baino gehiagok; tartean, 2.000tik gora euskaldunenak. Hantxe, toki beldurgarri hartan, Francori gorazarre egiteko pelegrinaje eta turismo leku hartan. Han daude euskal gazte haien hezurrak, eta, batzuek hantxe nahi lituzkete betirako: errespetua eta gizatasuna ukatuta, familien zauria ixteke, oraindik bizirik dauden senide adinduei barne-bakerik eskaini gabe, duintasun eta memoria kondentsatu hori guztia transmititu gabe. Jende gutxik zekien, baina, Donostiako Polloe hilerrian badela «Jaungoikoaren eta Espainiaren alde eroriei» gorazarre egiten dien mausoleo faxista. Eta, are, bertan lurperatuta dauden asko frankismoari aurre egin zioten boluntario eta miliziano antifaxistak direla, horietako gehienak euskal herritarrak: eibartarrak, arrasatearrak, altsasuarrak... 1936ko uztailaren 22tik 24ra Loiolako kuartelaren altxamendua borrokatzera armak eskutan Donostiara hurbildutakoak.

Titulartasun publikoa duen leku batean frankismoa Donostian goratzea mingarria da (urruti gabe 2018an Armada espainiarrak eta Guardia Zibilak mausoleo horretan bertan faxistei egin zieten omenaldia). Udal arduradunek izan duten utzikeriaren lekukotza ematen du horrek. EH Bilduren udal taldeak aurkeztu, defendatu eta bultzatu dituen ekimenengatik ez balitz, nekez lortu zitekeen mausoleoa ezabatu eta biktimen identifikazioa lortzea.

Aranzadi Elkarteak burutu duen txostena esanahi handikoa da. Identifikatu diren 17 miliziano anarkista, komunista eta sozialista horiek, eta identifikazioa baieztatzeko pronto duten beste 14ek, ezin zuten hor segi, horrela, erabat abandonaturik, hilobi horretara eraman zituztenen ardurak bezala ahanzturan betiko galtzeko zorian. Haien senideak aurkitu behar dira eta bueltatu egin behar zaizkie gorpuzkiak. Euskal Herrian inongo leku publiko edo pribatutan faxismoa ezin da goratu. Justiziakoa dena egin da; ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.