Ane URKIRI ANSOLA
SOSLAIA

Bizitza futbolik gabe ulertzen ez duen jokalaria

(gara)

Espero dut defendatu dudan klub bakoitzean espero bezala jardun izana eta espero dut futbolak eman didan guztia itzuli izana». Bost Liga, bost Kopa eta bi Superkopa ez dira alferrik pasatu Vanesa Gimberten oinetatik, ezta elitean eman dituen 23 urteak ere. «Aurtengo denboraldi-aurrea molestiekin hasi nuen, ez nuen erritmoa hartu eta erritmorik gabe, gutxi jokatzen nuen... Dinamika horretan sartu nintzenean ohartu nintzen, are gehiago, zuzena zela hartzen ari nintzen erabakia». Futbol ibilbideari agur esango dio «bizitza futbolik gabe ulertzen ez duen» jokalariak. Futbolari izan zitekeela «pentsaezina» zen garaian hasi zen baloiari ostikoak ematen –horregatik, gurasoak eskertu zituen, mugarik ez jartzeagatik–, oraindik Athleticen izan dituen taldekide asko jaio gabe zeudenean, ligak “Superliga” izena zuenean eta egungo baldintzek utopikoak ziruditenean.

Gazte zela, Bergara Andaluziagatik aldatu behar izan zuen, eta bertako selekzioan aritu zen. Levantek begia jo zion eta 1999an Valentziara lekualdatu zen orduan ere hain pentsaezina zen futbolari ibilbidea hastera. Eta nola hasi! Bi liga, bi Superkopa eta hiru Kopa irabazi baitzituen lau urtean. Euskal futbolari loriatsuena izanagatik, ez da sekula lehen lerroan egon, irabazi zituen kasik garaikur guztiak emakumezkoen futbola –eta kirola, oro har– ikusezina zenean erdietsi baitzituen. Ikusezina, batzuentzat. Ez beste batzuentzat; Iñigo Juaristi bezalakoentzat, esaterako. «Urtez urte tematu zen ni fitxatzen eta ez zen aspertu. Berarengatik nago gaur hemen».

Isil-isilik burutu du kirol ibilbidea, inoiz ahotsa altxatu gabe –soilik borrokatu egin behar zenean, hitzarmen kolektiboa sinatzeko, adibidez–. Leku egokian eta une egokian egondako jokalaria izan da, erdilari izatetik atzeko lerrora pasatu zena, betiere taldearen jokoaren erritmoaren metronomoa izateko. Athleticekin irabazi du bere azken liga, bosgarrena, eta sekula ez du ahaztuko «2016ko ekainaren 7 hura, Bilboko kaleetan liga garaikurra zaleei eskaini» zietenekoa. «Disfrutatu» egin zuen denboraldi hartan.

«Aste honetan irakurri dut Athleticera berandu iritsi naizela, baina ez nago ados: iritsi naiz iritsi behar nuen unean». Zintzo azaldu da, aurreko taldeetan eman zituen urteekiko errespetuz. Montillan hasi, Levanterekin debuta, Huelvako Estudiantesekin urtebete, Hispalisekin ligengatik borrokatu, gorena jo Rayo Vallecanon eta Espanyolen, eta Athleticen eman azken bederatzi urteak. «Athleticen ezin du edonork jokatu eta ez nuen aukera hori galdu nahi».

Eginda iritsi zen Euskal Herrira, etxera bueltan. Futbolari askok erretiroa hartzen duten unean, 33 urterekin. Baina Vanesa Gimbertek izan du zer eman eta bederatzi urte hauetan erakutsi du. Aitzindari izan direnei eskertza eskaini die bera aitzindari izan dela jabetu gabe, baita bidea ireki eta bidea egin duena ere. Hori guztia batzen du Gimbertek, edozein taldek eduki nahi zukeen jokalariak.

Ez da kasualitatea garaian garaiko punta-puntako taldeetan aritu izana. Levante txapeldun hura, ligengatik Athleticekin lehiatu ohi zen Hispalis, Espanyol eta Rayok osatutako duopolio horretan bi aldeak... ezagutu zituen. Gazia eta gozoa, biak ala biak ezagutu dituen moduan. «Athleticekin Kopa bat irabazi ez izanaren arantza daukat, txapelketa oso berezia da niretzat», aitortu du. 2014an Bartzelonaren aurka penaltietan galdu zuten Kopako finala, baina Athleticek oraindik Koparik ez irabazi izanaren errudun ere bada, hein batean. Espanyoleko elastikoa defendatzen zuen 2012ko finalean, Athleticen aurka lehiatu zenean. Maripaz Vilasek luzapeneko azken unean sartutako golarekin gailendu ziren katalanak, modu krudelenean; Paredes eta Orueta, kanporatuak, negar malkotan zeudela, penaltietarako atezaina aldatzear zeudela... Vanesa Gimbertek, berak oraindik ere jakin gabe, irabazitako azken Kopa izan zen. Bi urte lehenago Rayorekin laztandu zuen, Basaurin, Euskal Herrian. Hainbatek, ezjakintasunez, jokalari euskaldun bat punta-puntako taldeetan zebilela deskubritu zutenean.

Orain talde horiek Bigarren Mailan daude eta emakumezkoen futbolaren hazkuntzan lehen lerrotik lagundu duen jokalariak erretiroa hartu du. Zenbat aldatu diren gauzak, kamarada! «Futbola, beti izango naiz zurea!». Berandu gabiltza jada Vanesa Gimberten jarduna nabarmentzen.