GARA
DONOSTIA

E-Mobilityko greba gazteen prekaritatearen ispilu dela dio LABek

«Irizar E-Mobilityko borrokak gazteen prekaritatearen auzia agerian utzi du», esan zuen atzo LABek, 22 greba egunen ostean lortutako akordioaren nondik norakoak azaltzeko agerraldian.

Langile-batzordean bederatzi ordezkaritik zortzi dituen sindikatuak jakinarazi zuenez, promozio prozedurak «objektiboak eta automatikoak» izatea lortu da, lan berberak soldata berbera izango duela bermatuz; malgutasuna «nabarmen mugatu» da; kontziliazioan hobekuntzak lortu dira; txandakako plusa ezartzea lortu da; lan osasunean konpromisoak lortu dira; soldata igoerak lortu dira, KPItik gorakoak 3 urterako; eta bidaietarako baldintzak hobetu eta berdindu dira.

E-Mobilityko borrokak gazteen prekaritatearen auzia agerian utzi duela esan du LABek. «Izan ere, batez besteko adina 27 urtekoa izanda, langile hauen lan baldintzak zegozkienak baino kaskarragoak ziren, grebari ekin aurretik», esan zuen. 25 urtez azpikoen langabezia tasa %28koa dela eta gazte hauek urtean 13.000 euro gordin baino ez dituztela jasotzen gogorarazi ostean, gazteen prekaritatea «lan esku merkean oinarritutako eredu ekonomiko baten ondorioetako bat dela adierazi zuen.