Aitor Imaz Balza de Vallejo
Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea
GAURKOA

Euskara aurrera!

Ez ditu garai errazak bizi gure hizkuntzak. Ezagutzak gora egin arren erabileraren garapena ez da espero zen martxan egonkortzen eta indartzen ari. Are gehiago, azkenengo datuen arabera, erabileran ere atzerapausoak ematen ari gara. Euskalgintza gai den arren Euskaraldia eta Korrika bezalako herri ekimenak antolatzeko, kaleetan eta belaunaldi berrien artean ez da euskarari lehengo bultzada emateko energiarik sumatzen. Egoera honetan normala den bezala, gazteon egoerak kezka sortzen du. Ezinegona sortzen dute gazteok euskararekin dugun harremanak, euskararen erabilerak eta euskararen inguruan ditugun ideiek, praktikek nahiz bizipenek. Euskalgintza arrotz ikusten omen dugu, urruti. Ahots propioz hitz egitea komeni, agian.

Gure inguruan egiten den irakurketa argia da. Belaunaldi berriok, gazteok, orain arteko hizkuntza politiken eta euskalgintzak egindako hipotesi eta apustuen fruitu garenok, ez ditugu espektatibak bete. Ez euskalgintzarenak, ez geureak. D ereduak, EITBk, euskarazko irratiak, erakunde publikoetako euskara teknikariek... euskararen salbazioa ekarriko dute, herritarrok guri dagokigun erantzukizuna hartuz gero, noski. «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik», dio esaera zaharrak. Belaunaldi berriok ez gatoz bat, moldaketa bat proposatzen dugu: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez ikasi, eta dakitenek erabiltzen ez dutelako bakarrik». Gure aurrean daukagu aukera, baliatzea besterik ez omen da tokatzen.

Ahots propioz hitz egitea ere komeni, bai. Gazteon kezka baita, inorena baino gehiago, euskararekin dugun harremana, gure hizkuntza erabilera eta erabilera honen inguruan dauden gako guztiak. Hala egin genuen azken Euskaraldiaren atarian, Gaztealdia izeneko ariketa praktikoan. Pandemia betean Euskal Herriko hainbat gazte eta euskara talde harremanetan jarri ginen, eta bertan ustez sinplea bezain erraza zen erronka bat jarri genion gure belaunaldiari: bederatzi egunez euskara hutsean bizitzea. Euskal Herriko hainbat txokotako bederatzi gaztek ariketa horri eutsi zioten bederatzi egunez. Ez genuen erronka lortu, baina, lortu edo ez lortzetik harago, helburu argia zuen ekimenak: euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea. Horien inguruan hausnartzea eta determinante horiek guztiak Euskararen Herria eraikitze bidean jartzea.

Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bidean, mehatxu berriak, eta, beraz, erronka berriak ditugu esku artean. Mundua abiadura bizian ari da eraldatzen. Eraldaketa handiko garaiak bizitzen ari gara. Bizitzako eremu guztietan suma daitezke eraldaketa horien ondorioak. Baita, jakina, hizkuntza gutxituen –gure kasuan, euskararen– eremuan ere.

Mehatxu eta erronka berri horiei ezin diegu erantzun soilik XX. mendeko bitartekoekin. Tresna, diskurtso, erreferentzia eta jardunbide berriak behar ditu euskalduntzeak. Alegia, gure ustez ezinbestekoa da euskalduntze prozesua ikuspegi horietatik guztietatik XXI. mendeko erronketara egokitu eta bultzada berri bat ematea.

Lehendik eraldaketa handiak bizi bagenituen, mundu mailan zabaldu den covid-19ak eragindako pandemiak bizkorgailu gisa jokatu du. Aurretik bazetozen hainbat prozesu azaleratu eta azeleratu egin ditu. Analisi gehienetan tokirik eman ez bazaio ere, hizkuntza gutxituak berreskuratzeko jardunari nabarmen eragin dio pandemiak. Goitik beherako astinaldia izan da euskalduntze prozesuarentzat: euskararekin kontaktu bakarra eskola zuten milaka haurrei eten egin zaie harreman hori itxialdiaren ondorioz; digitalizazioan eman den jauzi eta bizkortzearen bidez euskarak are eta leku handiagoa galdu du; kulturaren bidez euskaraz sozializatzeko genituen hainbat eta hainbat esparru desagertu egin dira hilabete luzez... Lehen bistan ikusi ez baina arazo larriak ekar ditzaketen zuloak utzi dizkigu horrek guztiak.

Eta hori gutxi balitz bezala, espainiar nahiz frantziar estatuetatik epai, adierazpen eta eraso juridiko-politiko berriak etorri dira azken hilabete hauetan: Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoko lanpostuetan euskaraz jakiteari garrantzia murriztea; Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren inguruko erasoa –baita Katalunian ere–; EAEn Auzitegi Nagusiaren ebazpena udaletan aktak euskaraz idaztearen aurka; eskuin zein ezkerreko hainbat espainiar alderdi eta sindikatuk eginiko adierazpenak euskararen balioa gutxietsiz...

Euskararen normalizazioak oro har euskararen aldeko lanak behar duen jauzia egiteko olatu bat behar du. Euskaldun eta euskaltzale guztion ekimenez, denon ekarpenak batuz, lortuko dugu euskalduntzeari bultzada berria ematea. Pairatzen dugun atakatik irtengo bagara, eta euskarari etorkizunerako berme bat emango badiogu, gaurko geldialdi egoera irauliko duen jauzia ezinbestekoa da.

Logika horretan kokatzen dugu maiatzaren 21eko “Euskara Aurrera” manifestazioa. Bi urte pandemiko bizi ondoren, euskaldunok jasan ditugun erasoen ugaritzea ikusita, eta behin belaunaldi gisa eta antolatuta, euskararen borrokara batu eta kaleak hartzeko ordua dela uste dugu. Gazte, heldu, irakasle, guraso, ume, kulturgile, migratzaile... frantsesez, espainolez, euskaraz zein beste edozein hizkuntzatan mintzo, Euskal Herriko etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun denon topaleku izan behar du Donostiak maiatzaren 21ean. Izan behar du, eta izango da. Bertan ikusiko dugu elkar, ezta? Euskara aurrera!